8. ekimena

2022/10/28
Manuel Laskibarren txakoa, boluntario Erregetiarren buru-babesa. Gazteleraz “chacó” edo “morrioi” bezala ezagutzen dena, buruko garai, zilindriko eta biseraduna da. XIX. mendeko lehen zatian armada desberdinek erabili zuten. Bere funtzioa zalditeriko sableen erasotik burua babestea zen, horregatik bere garaiera.

Laskibarren Txakoa

Albizturko Goikoetxean gordetako hau, Manuel Laskibar eta Ezeiza (1806-1871)-rena zen, boluntario erregetiarra, 1827.ean Batailoi kapitain izendatua.

Kapitain izendatzea

Manuel Laskibar Erregetiarren Tertzioen kapitain izendatzen duen agiria. Goikoetxea bilduma.

Boluntario Erregetiarrena, Hirurteko Liberala erori ostean, 1823an, Fernando VII.ak  sortutako milizia izan zen, monarkia absolutua babestu eta konstituzioaren aldeko gobernuaren berrezarpena ekidite arren. Boluntario Erregetiarren jatorria 1821.etik erregimen konstituzionalaren aurka altxatutako gerriletan dago. Probintzia bakoitzean Kapitaintza Jeneralaren ardura ziren, euskal lurraldeetan ezik, hemen Aldundien ardurapean baizeuden.

Boluntario erregetiarra

 Boluntario Erregetiarren fusilaria. New York Public Library.

Buru-babesaren aurrekaldeko xaflak eramailearen errejimendua eta zenbakia adierazten zuen. Kasu honetan “6” zenbakia eta “Tercios guipuzcoanos” inskripzioa, Foru Aldundiak probintzia zatikatu zuen zortzi barruti edo distritoetako seigarrenari dagokio. Barruti bakoitzak komandante bat zuen buru, Zumaian 1825ko uztailean Batzar Nagusiek hartutako erabakia jarraituz, aurrez 1823ko ekaina eta irailean Ordizia eta Azkoitiako Batzarretan erabakitakoa eraldatuz.

xafla

Boluntario Erregetiarrak 1833ko urrian emandako altxamendu karlistaren oinarria izan ziren, Lehen Karlistaldiaren hasieran. Manuel Laskibar eta Ezeizak Erregagai karlistaren ofizial bezala parte hartu zuen gatazka honetan.

Boluntario erregetiarren zalditeria

Boluntario Erregetiarren zalditeria. New York Public Library.

IBILBIDEA

Albizturko Goikoetxean gorde eta kontserbatu da. Egun Laskibar familiak Gordailuari dohaintzan eskaini dio. Goikoetxeako ehun-bilduma aberatsaren beste pieza bat dugu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilduma osatzera datorrena.