ARTELANA
John Frederick Lewis (1804-1876) britainiarrak egindako irudia, bere aitak, Frederick Christian eta anaiak, Charles George Lewisek grabatua izan zen 1841.ean.
Irudiak beste izenburua jaso izan du: "The Spanish Wife’s Last Appeal", alegia “espainiar emaztearen azken erregua”. Izan ere, liberalentzat espioi lanak egiteagatik atxilotutako gizona ikus dezakegu, eskubian, bere emaztea, haurra besoan, Zumalakarregiri erreguka dagoen bitartean. Erdian, mahaian eserita, Merino apaiza dago salaketaren dokumentuak eskuan, alboan idazkari batek oharrak hartzen dituen bitartean. Zumalakarregiren atzean Charles Frederick Henningsen, boluntario britainiarra dago, Lewisen laguna eta ormaiztegiarraren lehen biografoa. Londresen 1836.ean The most Striking Events of a Twelvemonth's Campaign with Zumalacarregui in Navarre and the Basque Provinces liburua argitaratu zuena. Zumalakarregiren irudia Henningsen berak zabaldutakoa da, alegia, larruzko txamarra eta txapela gorria duela.
IBILBIDEA
Duela hiru urte, 2019an, Obieta Vilallonga familiak Zumalakarregi Museoari dohaintzan emana.
EGILEA
John Frederick LEWIS bere aniarengandik bereizteko "Lewis espainiarra" bezala ezagutzen zen, anaia “Lewis indiarra” zen bitartean. Dena den, John Frederick margolari orientalista bezala ezagunagoa izan zen, Turkian eta Egipton bizi izan ondoren egin zituen lanengatik, egun britainiar museo nagusietan jasoak.
J.F. LEWIS. “The Harem of a Mamluke Bey, Cairo” 1850. Victoria & Albert Museum. London.
Baina guretzat interesgarriagoa da John Frederick 1833 eta 1834 bitartean egon zela Espainian eta hasieran, Andaluzian, Richard Ford hispanista ezagunaren etxean ostatu hartuz. Bi britainiar hauek ehiza espedizio batean espainiar erara jantziak agertzen zaizkigu Lewisen akuarela honetan, aurrena margolaria bera eta bere atzetik Richard Ford:
J.F. LEWIS. “Richard Ford and J.F. Lewis on a shooting excursion”. 1833. Xehetasuna.
Lewisek bere Espainiako egonaldia bi liburutan argitaratu zuen. Lehena 1835.ean Londresen: Lewis's sketches and drawings of the Alhambra made during a residence in Granada in the years 1833-4.
Bigarrena ere Londresen argitaratu zuen 1836.ean: Lewis's Sketches of Spain & Spanish Character made during his Tour in that Country in the years 1833-4.
Baina liburu hauetatik kanpo Lewisek beste akuarela batzuk eskaini zizkion bere Espainiako ibilbideari. Gure bildumako grabatuaren oinarri dena, bilduma pribatuan gordea.
J.F. LEWIS. “A Spy of the Christino Army brought before the Carlist General-In-Chief Zumalacarregui”.
Ez zen hau Lewisek karlistaldiei buruz egindako margo bakarra. Beste bi ere ezagutzen dira. Bata, New Yorkeko The Morgan Library Museoaren bilduman dago:
J.F. LEWIS .“Spanish Battle Scene: The Proclamation of Don Carlos.”
Bestea, bilduma pribatuan:
J.F. LEWIS. “The Pillage of a Convent in Spain, by Guerilla Soldiers”.