Piezaren ibilbide eta jatorria
Aurkezten dugun uniformea Adrian Azpiazu Ayestarena da. 1920ko hamarkadan sartu zen mikelete eta 1937ra arte jarraitu zuen.
Azpiazu familiak mimoz zaindu du uniformea, arestian Gipuzkoako Foru Aldundiari dohaintzan utzi arte. Hemendik aurrera Gordailuan zainduko dute, Aldundiaren ondare bildumaren biltegian, honela Adrian Azpiazuk duela mende bat hasitako bideari bukaera borobila eskainiz.
Mikeleteen sorrera eta bilakaera
Mikeleteen gorputza 1796an sortu zen, Konbentzio gerraren ondoren Gipuzkoako bideetan bizi zen arriskua eta bandolerismoari aurre egiteko. Talde honek zuen kostua dela eta, ibilbide gora beheratsua izan zuen, hainbatetan desagertuz. Esan daiteke 1844an foru polizia moduan egonkortu zirena.
Lehenengo Gerra Karlistan Txapelgorri deituriko euskal bolondres liberalak Mikeleteez osatuak zeuden.
Afrikako gerran Mikeleteak izan ziren, beste behin, Euskal Tertzioen batailoien oinarri nagusia.
1856etik, Mikeleteek Aldundiaren zergak jasotzen zituzten. Gainera kontrabandoaren aurka lan egiten zuten, bai mendi bideak zelatatzen, baita Irungoa bezalako aduanak zaintzen.
Mikeletea Behobiako aduanan, karabinero eta guardi zibilen artean.
Azken karlistaldian Mikelete gorputz bezala borrokatu zuten karlisten aurka. Paper garrantzitsua bete zuten, bereziki Santa Cruz apaizaren aurkako borrokan.
Prudencio Arnao mikeletea, karlisten etsai porrokatua.
Esan daiteke uniforme hau XIX. mendean zehar euskal boluntario liberalen irudia izan zena
Foru Aldundiak sortutako Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren agente bihurtu ziren 1896tik aurrera. Aldundiko korreo lanak ere egiten zituzten, erakunde honen dokumentu eta agirien garraio azkarra bermatuz.
XIX. mende bukaeratik 1936ra arte Gipuzkoako mikeleteak administrazio lanetan murgildu ziren, lan hauek zaildu ziren heinean eta Diputazioak baliabideak lortzen zituenean hauen kopurua haunditzen joan zen.
Gerra zibila erakundearen amaiera izan zen. Kontzertu ekonomikoa indargabetu zutenean -1937ko ekainak 23ko lege dekretua- Gil Yuste jenerala, Ipar armadako buruak ezabatu zituen Gipuzkoa eta Bizkaiako Mikelete eta Miñoien gorputzak, Errepublikaren aurkako altxamendua ez bultzatzeagatik. Donostia faszisten eskuetan erori zenean 1936ko irailean mikelete gehienak, buruen aginduak jarraitzu, Bizkaiara jo zuten errepublikaren alde borrokatzera. Desagertzearen dekretua 1937ko abuztuak 25ean argitaratu zen. Gipuzkoako mikeleteen azken burua Angel Heras izan zen.
MusealiaK 3, Mikelete uniformearen aurkezpena