14. ekimena

Antonio VALVERDE “AYALDE”. “Zumalacárregui”. 1966. Kutxa Fundazioa

Tomas Zumakarregi Ayalde 1966

OLIOAREN IBILERARI buruz

Donostiako Aurrezki Kutxaren enkargu bat izan zen Gipuzkoako 18 pertsonai historikoen erretratuak egitea. Tartean Tomas Zumalakarregirena. 1966tik 1968ra bitartean egin zituen eta egun Kutxaren bildumaren parte dira. Batzuk Azkoitiko Insausti jauregian daude, besteak Gordailuan. Zumalakarregirena Azkoitian gordetzen da. Orain hiru hilabetez Ormaiztegin egongo da ikusteko aukera.

IRUDIARI buruz

Valverdek berak 1968ko martxoan Diario Vasco egunkarian argitaratutako artikulu batean kontatzen du nola egin zuen erretratu hau eta egiten ari zenean gertatu zitzaiona: “Un día estuvo Chillida en mi casa. Cuando vio este retrato, se interesó, pues dijo ser él descendiente de la familia de Zumalacarregui. Yo le observaba de perfil y me decía: ¡Toma, como que eres igual! Eduardo Chillida, de perfil, recuerda mucho al dibujo de Henningsen.
Aceptó posar y le pinté una cabeza aparte. Algunos de sus rasgos los llevé después al cuadro.”

Artikulu oso ikusi (PDF)

Henningsen. Zumalakarregi

Charles Frederick HENNINGSEN. "Zumalacarregui.". London, 1836.

EGILEARI buruz

Antonio Valverde Errenterian jaio zen 1915eko urtarrilaren 17an, belaunaldiz belaunaldi inprentaren negozioan jardun zuen familiaren baitan. Zuzenbidea ikasi zuen baina familiatik zetorkion inprentaren munduan egin zuen lan. Dena den, pintura eta idazketa maite zituen eta 50 eta 60ko hamarkadetan euskal arte eta kultura munduko gertakizun guztietan hartu zuen parte. Ascensio Martiarena margolariaren ikasle izan zen.

A. Valverde. Oiartzun.

Antonio VALVERDE. "Paisajes de Oiartzun".

Gipuzkoako Artista Berrien lehiaketan 1935.ean parte hartu eta saria jaso zuenetik margolaritza izan zen bere afizio nagusia. 1940ko hamarkadan Arte Ederretako Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen eta 1952.ean Darío de Regoyos saria jaso zuen.
Inpresionismo eta kubismo saio esperimentalak egin bazituen ere, bere pintzelaren joerak pinturaren euskal eskolako Martiarena eta Arrue maisuengandik ikasitako forma piktorikoei eutsi zien, eta Puy de Chabannesen frantziar pinturari ere jarraitu zion, baina, bere nortasuna tarteko, erretratuetan egikera klasikoa eta euskal paisaietan fintasun handiko lirismoa gaineratuz.

Margolari bokazioz, izaki poetiko sakona izanik, genero desberdinetan eta askotariko tekniketan jarri zuen interesa, baita emaitza bikaina lortu ere: akuarela, pastela, gouache, olioa, grabatua...

Bestalde, "El Bidasoa", "Zeruko Argia" edo "Oarso" aldizkarietan, zein "La Voz de España" edo "El Diario Vasco" egunkarietan idatzi zuen.


Nahiz eta Donostian bizi izan, Oiartzungo “Ayalde” bere etxe eta estudioan pasatzen zituen denboraldi luzeak. Hantxe bertan hil zen, 1970ko uztailean bere inspirazio iturri zen eta hainbeste maite zuen bailaran.

Urtarrilaren 17an, Ayalderen jaiotzaren 110. urteurrena izanik, Lola Valverde, historialaria eta margolariaren alaba izan genuen museoan bere aitaren obra berezi hau aurkezten. 

Hemen Goierri Telebistak egindako erreportaia uzten dizuegu