13. ekimena

Landscape Map of the intermediate country from San Sebastian to Irun, Hernani, Fuenterabia and Passages By Captain Addesley W. Sleigh.

Sleigh Landscape map 

Donostiatik Irunera, Hernanira, Hondarribira eta Pasaiara bitarteko herrialdearen paisaia-mapa. Adderley Willcocks Sleigh kapitainak egina.

Donostia inguruko Britainiar Legio Laguntzailearen jardueren azalpen-mapa interesgarria.
Oleaga-Pont (Bilbo) bilduma pribatuak Zumalakarregi Museoari hiru hilabetez utzia.

Oleaga-Pont

Mapak Donostia eta Hondarribia arteko gunea hartzen du, hegoalderantz Hernaniraino. Bertan Britainiar Legio Laguntzaileen ekintzak adierazten ditu 1836ko maiatzak 5eko borrokatik hasi eta 1837ko maiatzean Irun eta Hondarribia konkistatu zituzten arte.

Mapak ez dauka argitalpen datarik baina badakigu The United Services Magazine aldizkariak aipamen bat eskaini ziola 1837ko abuztuko alean.

Britainiar Legioaren akzioak mapan kokatzeaz gain, ekintza hauek idatziz ere adierazten dira  ohar lerro luzeetan. Hau da Oriamendiko batailari buruz dioena.

       "Martxoaren 10ean, erreginaren tropek San Markoko gainei eraso zieten. 13an Urumea ibaia igaro zen eskuinetik ezkerraldera. Hilaren 15ean, Oriamendiko benta hiru dibisiok hartu zuten, Hernani aurrealdeko zuhaizti gainak okupatuz, (R.S.T.n). Karlistek setatsu defendatu zuten Santa Barbara muinoa.
Hilaren 16an, Astigarragako zubia, Urumea ibaiaren gainean, etsaiaren hamaika batailoik igaro zuten, ezkerreko armada konstituzionala T-ko zuhaiztien gainetik menperatzea lortu zutelarik (nahiz eta bere nagusi ausartak arrisku eta atsekabe handieneko puntu bakoitzean jarrera inspiratzailea erakutsi duen), Royal Marineek tinko eutsi zioten etsaiaren erasoari, eta eskuina salbatu zuten ezkerraren eta erdialdearen antzeko hondamendia jasatetik, ezusteko gertaera hartan."

Azpimarratzekoa da nola Oriamendi, Britainiar Legioak Euskal Herrian jasandako porrotik handiena "ezusteko gertaera" soila bihurtzen duen testuak.

Garai honetan eta esparru berdina jasotzen duten bi lan ezagutzen ditugu. Bata George De Lacy Evans Britainiar Legioaren buruzagiak Londresen 1840ean argitaratutako Memoranda of the contest in Spain liburuan eskaini zigun James Wyld kartografoaren lana.

De Lacy Evans - James Wyld

Iparraldea ezkerrean aurkitzen dugu mapa honetan. Jarraian dagoena James Wyld egile beraren “The country between St. Sebastian and the french frontier” izeneko mapa da. Honek, ostera, hegoaldea goien kokatzen du, hankaz gora alegia.

Wyld Country between S.S.

Garaiko gai berdineko beste bi mapekin alderatuz Sleigh-enaren berezitasuna erdi-txori ikuspegia dugu, benetan bitxia. Bestalde, sekula ikusi ez dugun mapa mota da Lehenengo Karlistaldiari dagokionez eta ez dugu beste inongo bilduman alerik ezagutzen. Aukera aparta da, beraz kartografia harri bitxi hau gertutik ezagutzeko uda honetan Zumalakarregi Museoan.

EGILEA.
Egilea, Adderley Willcocks Sleigh ere oso interesgarria da. Britainiar Legioaren artilleriako kidea izan zen. Gaueko telegrafo modelo bat eraiki zuen. Itsas antolakuntzari buruzko hainbat liburu, Britainia Handiko estatistika klimatikoak edo komunikazioei (telegrafo militarrak) buruzko liburuak argitaratu zituen, baita Mauritaniari buruzko lan bat. Poesia ere argitaratu zuen eta The Prince of Panama eleberria ere bai.

BRITAINIAR LEGIO LAGUNTZAILEA.
Espainiako gobernu liberalak 1834.go apirilean sinatutako Aliantza Laukoitza zela medio (Europako potentzia liberalekin sinatutakoa, britainiar, frantziar eta portugaldarrekin alegia) , Britainiar itsas armadak Kantauriko kostaldea zaintzen zuen karlisten arma lehorreratzeak eragoztearren. Baina Tomas Zumalakarregiren arrakasta militarrak aliatuen partaidetza sakonagoa eskatzera eraman zuen Madrilgo gobernua. Britainiarrek, 1835.go ekainean, partaidetza zuzena ukatu arren, bolondresek osatutako guda talde bat bidaltzea erabaki zuten: Legio Laguntzailea.

Vanzeller. British Legion

Charles VANZELLER. "The British Legion". London, 1837. Irudiaren iturria

Uztailean iritsi zen Donostiara lehenengo batailoia eta abuztu erdirako bertan zegoen 10.000 soldaduk osatutako Legioa. Hilabete honen hondarrean Hernaniren aurkako ekintza batean parte hartu zuten lehen porrota jasanez.


Legioaren buru Sir George Lacy Evans, esperientzia luzeren jabe zen militarra, izendatu zuten. Don Karlosek Durangoko dekretua zabaldu zuen, non Elliot Hitzarmenetik kanpo uzten ziren liberalekin borrokatzen zuten atzerritar guztiak, alegia, denak fusilatzeko agindua ematen zuen. Fernandez de Cordoba liberalen buruak Britainiar Legioa Gasteizen kokatzea erabaki zuen eta abendurako bertan zegoen.


Oso negu gogorra jasan zuten Gasteizen, martxorako 800dik gora hildako izan bait-zituzten, gehienak gaixotasunen eraginez. Bitartean karlistentzat lanean ari zen okina atxilotu zuten, britainiarren ogia pozoitzeagatik "garrote vil" pairatzea kondenatu zutelarik.


Maiatzean berriro Donostiara itzuli zen Britainiar Legioa, iritsi bezain laster hiria setiatzen zuten karlisten aurkako borroka arrakastatsuan parte hartuz. Pasaiako portua liberalentzat eskuratu zuten egun batzuk beranduago, Donibane gainean Fort Hay gotorlekua eraikiz.

Hornbrook. Pasaia

Thomas L. HORNBROOK. "View of Passages, and Fort Hay ". London, 1840. Irudiaren iturria

Urrian legioko 2.000 gizon Portugaletera bidali zituzten, Bilboko setioa hausteko ahaleginetan lagunduz, Lutxanako batailan ere partaidetza izan zutelarik. 1837.go martxoan, aitzitik, karlistadan jaso zuten jipoirik handiena jasan zuten Oriamendin On Sebastian Infantearen eskutik. Maiatzean, berriz, Donostiatik Bidasoarainoko herriak menperatu zituzten.

Erresistentzia gogorrena Irunen aurkitu zuten, garaipenaren ostean herritarrenganako basakeri ugari burutuz.

Hornbrook. Irun

Thomas L. HORNBROOK. "Behobia gate of Irun with the Royal Irish storming, May 17th. 1837.". London, 1840. Irudiaren iturria

Britainiarrek bi urtetarako zerbitzua sinatua zutenez, 1837.go uztailean gehiengoak erretiratzea erabaki zuen, Lacy Evans, barne, gaizki hornituak eta berandu ordainduak izan baitziren. Dena den, 1700ek geratzea erabaki zuten, O´Conell koronelaren agintaritzapean Legio Berria osatuz. Irailean, Andoaingo borrokan Urangaren karlisten aurrean 100dik gora britainiarrek galdu zuten bizia, Legio Berria ia ia deseginez. Abenduan O´Conellek Legio Berria deuseztatzea erabaki zuen, ardura guztia gobernuari egotziz, ez bait-zitzaizkien hornidura eta soldatak garaiz iristen. Balantze modura esan dezakegu karlistadan parte hartutako 10.000 britainiarretik laurdenak bertan utzi zuela bizia. Baina 2.500 hildako hauetatik erdia ez zen borroken eraginez zendu, gaixotasunengatik baizik.