Haizemailea XIX. mendeko emakumeen modako osagarririk adierazgarrienetarikoa izan zen. Material aberatsek haizemaileen prezioa handitzen zutenez, dotoretasun eta gailentasun sozialaren sinbolo izan ziren.
ABANIKOAREN IBILERARI buruz
Bere lanen zati nagusia bere sendiak gorde zuen eta hiru belaunaldi beranduago, Satrústegui Petit de Meurville familiak Gipuzkoako Foru Aldundiari saldu zion bilduma.
Bilduma eder honen zabalkundea aurrez hasia zuen familiak 1994.ean Fernando Altubek 1857-1873 Guipuzcoa – San Sebastián. Didier Petit de Meurville liburu ilustratua argitaratzen laguntzean.
Foru Aldundiak 2002ean erosketa egin ondoren, bildumaren difusioa areagotu zen. Lehenik XIX. Mendeko Albuma proiektuaren bitartez 500 margolan baino gehiago digitalizatu eta Foru Aldundiaren web orrietan jendearen eskura eskainiz. Ondoren, 2009.ean Zumalakarregi Museoak, Cristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxearekin elkar lanean, Loreak asmatzen: naturzale europarrak Euskal Herrian. Petit de Meurville-Pietro Bubani aldi baterako erakusketa antolatu zuen. Bertan margolari frantsesaren Gipuzkoako landareen albumak ikusteko aukera izan genuen.
Gaur, bildumako pieza bitxienetakoa den haizemale hau ikusteko aukera eskaintzen dizuegu, Musealiak proiektuaren barnean.
EGILEARI buruz
Didier Petit de Meurville Haitin jaio zen 1793.ean. Bere aita 1795eko esklaboen altxamenduan hil zutenez bere familia Bostonera aldatu zen. Urte batzuk beranduago familia Lyonen kokatu zen. Didierrek setaren merkataritzari ekin zion bizibidez, politikoki legitimismoarekin lotzen zen bitartean. Honela, Lehenengo Karlistada ostean atzerriratu karlistei laguntza eskaini zien. Gertu gertutik gainera, izan ere, Don Carlos, bere familia, Cabrera eta beste zenbait burukide karlisten erretratuak burutu baizituen Bourgesen. Don Carlosek, esker onez, "Babesaren Bizkonde" izendatu zuen 1845.ean.
1848.ean kontsul izateko bidea hasi zuen eta Alicanteko kontsul-orde hautatu zuten. 1857.ean aldaketa eskatu eta Donostiako kontsul hautatua izan zen. Bertan bizitako 16 urteetan bere pintura zaletasuna lantzen jarraitu zuen, hiria eta inguruetako paisaien irudi ugari eginez. Probintziako loreei arreta berezia eskaini zien, kalitate haundiko irudiekin hiru album osatuz.
Didier Petit de Meurville Biarritzen hil zen 1873.ean.
IRUDIARI buruz
Donostiako ikuspegia, Igeldo menditik Ulia mendira; atzealdean, bi tximeleta eta lore urdineko girlanda erdialdean,alboetan lore arrosak dituela.
Aurrekaldean San Bartolome muinoaren oinetara jatorrizko gas fabrika ikus daiteke, 1861ean sortua, eta zurezko Santa Katalina zubia, 1872an egun dagoenarengatik ordezkatu zena. Trenbidea eta harresiak agertzen direnez, haizemaileari data jar diezaiokegu: inaugurazio ofiziala 1864ko abuztuaren 15ean izan bazen ere, urtebete lehenago trena bazebilen Irun eta hiriburuaren artean; horretaz gainera, harresiak erausteko egintza ofiziala 1863ko maiatzaren 4an izan zen, baina lanak hurrengo urteko uztailean hasi ziren. Beraz, ziurrenik, egileak eskudantzia hartu ezean, eszena 1864ko uztaila eta abuztua bitartekoa da, edo aurreko edo geroagoko hilabeteetakoa.
Interesgarria deritzogu alboko gelan dagoen « Donostiako Panorama » irudiarekin parekatzea, 30 bat urte lehenagokoa. Baita Bigarren Karlistaldiaren gelan dagoen bost bat urte berandugokoarekin.