Zumalakarregi Museoak, honako jarduerak antolatu ditu Ormaiztegiko Ander Deuna Jai Nagusiak 2012rako.

Txango gidatuak, Kafe Berriketaldiak, Ibilbide bateratuak, 6-12 urteko haurretzat tailer eta jolasak, Ate Irekiak, Doako bisita gidatuak eta Irudi proiekzioak ikusgai.

Lehenengo asteburuan…         

Azaroak 24, larunbata

Txango gidatua ‘Goierriko Meatze paisaia’ ezagutzeko. Txango honetan XIX eta XX.mendeetan Mutiloa eta Zeraindi ateratzen burdin mineralaren ‘fabrikazio prozesua’ ezagutzeko aukera izango da. Irteera Mutiloa herriko plazan izango da goizeko 10.00etan. 3 ordu eta erdi inguruko iraupena du eta ibilbidearen zailtasuna ertaina da. Prezioa 4€ pertsonako, haurrak doan (prezio horren barruan dago itzultzeko garraioa). 

 • "Haurren Eskubideen alde jolasean" jarduera antolatu du museoak arratsaldeko 17.00etan hasita eta ordubeteko iraupenarekin. Azaroaren 20an ospatzen den "Haurren eskubideen Nazioarteko Eguna" gogoratzeko asmoz, eta Ormaiztegiko San Andres Jaien egitaraupean, "Haurren eskubideen alde jolasean!" ekitaldia antolatu du museoak datorren azaroaren 24rako. Bertan, 6tik 12 urte bitarteko haurrek beraien eskubide propioen alde jolastuko dute. Jolasean aipamen berezia izango duten bost eskubideak hauek izango dira: etxebizitza izateko eskubidea, elikadura egokia jasotzeko eskubidea, eskolara joateko eskubidea, medikura joateko eskubidea eta familia izateko eskubidea. Bertan parte hartzen duten haurrek beraien oinarrizko eskubideekiko sentsibilizazioa lortzea da jolas honen helburu nagusia. Doako sarrera.

 • ‘Hurbilketa XIX.mendeko artera’ Kafe Berriketaldia Mikel Alberdiren eskutik. Arratsaldeko 18.00etan hasiko da eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. Honela aurkeztu du hizlariak udazkeneko hitzaldi zikloko 2.berriketaldi hau: XIX. mendeko arte historiarenganako hurbilketa hau, garaiko arte estiloen gaineko begirada bat izango da, beti ere, ikuspegi ireki batez, gertakizun historiko nagusien zertzeladak eskainiz eta, zenbait egileen bizipenen inguruko xehetasunen bitartez, garaiko gizartea aztertzeko aukera izango da. Honela, berriketaldi honek aukera ematen digu XIX.mendeko arteari buruz aditu honek duen ezagutza bertaratzen diren guztiekin zabaltzeko. Doako sarrera.

 

Azaroak 25, igandea

‘Iraganean bidaia’ Ibilbide bateratua osatzeko aukera izango da, Zumalakarregi Museoan goizeko 11.00etan hasita. VI.mendetik XIX.menderainoko nekazal eta hiritar eguneroko bizimodua, arkitekturaren eboluzioa, eta oinarri sozial eta ekonomikoak ezagutzeko parada bikaina. Ibilbideak 12.30etan Igartubeiti Baserrian jarraituko du eta Idiazabalgo gazta eta sagardo dastaketarekin amaituko da. Hiru orduko iraupena eta 5€ko prezioa, haurrak doan (Zumalakarregitik Igartubeitira joateko autoa behar da).

 

Lehenengo asteburuko jardueretan izen-ematea: azaroak 22a arteko epea egongo da eta plaza mugatuak dira. 943 889900 telefonora deituta, mzumalakarregi@gipuzkoa.net helbidera idatzita edota museora bertara gerturatuta erreserbatu daiteke. 

 

Honez gainera, azaroaren 24, 25 eta abenduaren 1 eta 2an ate irekiak eta doako bisitaldi gidatuak eskainiko ditu Zumalakarregi Museoak, eguerdiko 11:00etan euskaraz eta 12:30etan gazteleraz (plazak bete arte , ez da aurre erreserbarik behar).


Bigarren Asteburuan…        

Abendua 1, larunbata

‘Ormaiztegiko Meatze egiturak’ Txango gidatua antolatu da, goizeko 11.00etan Zumalakarregi Museoan hasita. XIX eta XX.mendeetan Ormaiztegin metatzen, tratatzen eta Europara garraiatzen zen burdin mearen historia ezagutzeko aukera eskainiko da. Ordu eta erdi inguruko iraupena izango du txangoak eta zailtasun ertainekoa da. 2€ pertsonako, haurrak doan.

 • Goizeko 11:00etan hasita Umeen Danborradan parte hartuko duten bi gaztetxo museoan ditugun Zumalakarregi jeneral karlista eta bere laguntzailearen jantzien erreprodukzioekin aterako dira. Honez gainera, berrikuntza bat izango da aurtengo Danborradan, hain zuzen ere haur helduenek Karlista jantzia eramango dute gainean, Donostiako Jakintza Ikastolako Guraso Elkarteak utzitako uniformeak hain zuzen. Eskerrak eman beraz Jakintzako lagunei Ormaiztegiko Guraso Elkartea eta Zumalakarregi Museoaren izenean. 

‘Garaiko protagonistak’ tailerra 7-12urteko haurrentzat arratsaldeko 17.00etatik aurrera, Zumalakarregi Museoko tailerrean. 7-12 urte bitarteko haurrei eta hauen familiei zuzendutako jarduera da. Familian arratsalde atsegina igaro eta XIX.mendean protagonista izan ziren gizon-emakumeak ezagutzeko aukera paregabea. Ordu eta erdiko iraupena du eta doan da. 

 

Abenduak 2, igandea

‘Zumalakarregi Anaiak eta Joxe Miel Barandiaran’ Ibilbide bateratua egiteko aukera izango da. Euskal herriko historiako hiru pertsonaia esanguratsu hauek XIX.mendeko gizaldia ulertzeko giltzak erakutsiko dizkigute. Goizeko 11.00etan Zumalakarregi museoan hasiko da ibilbidea, hiru orduko iraupena izango du eta 4€ko prezioa, haurrak doan (Ataungo Barandiaran Museora joateko autoa behar da). 

• Abenduaren 2a bitartean, “XIX.mendeko jantzi burgesak” izenburupean irudi proiekzioa ikusgai jarri du museoak tailerrean. Ormaiztegiko Ander Deunaren Jaien barruan azaroaren 24an, larunbatean, ospatzen den “Elegante Egunean” parte hartuko duten guztiei egun berezi horretarako beraien jantzi propioak sortzeko ideiak ematea da proiekzio honen asmoa, horretarako, gure arbasoen jantziak oinarri hartuta. 

 

Bigarren asteburuko jardueretan izen-ematea: azaroak 29a arteko epea egongo da eta plaza mugatuak dira. 943 889900 telefonora deituta, mzumalakarregi@gipuzkoa.net helbidera idatzita edota museora bertara gerturatuta erreserbatu daiteke. 

 

Azkenik, gogoratu, 2012ko azaroaren 1a eta 2013ako martxoa bitartean ordutegi berria dela Zumalakarregi Museoan. Asteazkenetik Ostiralera 10.00-14.00 eta asteburu zein jai-egunetan 10.00-14.00 eta 16.00-19.00.

 

ONDO PASA ORMAIZTEGIKO ANDER DEUNAREN JAIETAN!

Ander Deunaren Jaietako Herri Egitaraua PDFan

Ander Deunaren Jaietako Txoznetako Egitaraua PDFan