PatakonBidelapur zintzoa
Galdakaon 1796.ean jaio zen. Bide lapur gisa 1820 inguruan hasi zen, bere garaikide askoren modura, gerrez jositako aroa nekazaritza utzi eta lapurreten etekinez bizitzeko probetxatuz. Kartzela ugari ezagutu zuen batzuetan ihes egitea lortuz eta besteetan indultuen bitartez aske geldituz. Bere ekintzak gehienetan Bizkaian burutu zituen, baita Gipuzkoa eta Araban ere.
Garaiko euskal bandoleroek ez zuten talde egonkorrik osatzen, hau da, lapurreta bakoitzean behar ziren partaideak biltzen ziren egin beharrekoaren arabera. Beraien artean hierarkia harremanak sortzen ziren eta Patakon beti talde buru bezala agertzen zaigu. Beraz, nortasun haundiko gizona eta lapurren artean lidergo indartsua matentzen zuenetakoa izan zen.
1840ko hamarkadan ere lapurreta ugari egozten zaizkio, azkenean 1847.ean atxilotu eta Cartagenako kartzelera bidali zuten arte. Ondoren Ceuta eta Melillako kartzeletara bidali zuten. Handik ere ihes egin zuen, dokumentaturik ez badago ere, mairu batek harrapatu omen zuen eta esklabu bezala saldu. Artzai bukatu omen zuen bizia Afrikan esklabu.
Dena den, herri tradizioak gorde duena hau da: "Lapur onrradue. Lapurretan eiten euen pobreari emoteko. Patakon, dekoneri kendu eta estekoneri emon." |
|
"Bide lapurreta" LAMOTE, Alex de. La fille du bandit. Scenes et moeurs de l´Espagne contemporaine. Paris, 1874. ZM |
Diman gordetzen den tradizioan Patakonen zaldiaren urratsak ikus daitezke Aramotz mendian. Zaldiari ferrak alderantziz jartzen omen zizkion, horrela etorri zen bidetik joana eta joana zen bidetik etorria zela pentsa zezaten.
Aberatsei lapurtu eta pobreen artean banatzen omen zuen dirua. Azkarra eta zuhurra, bandolero sozialaren adierazgarri guztiak jasotzen ditu Patakonek, sistemaren aurka borroka egiteko lapurtzen bait zuen. Nahiz eta herri tradizioak, Robin Hoodetik, bandolerismo kontzeptu hau kultura guztietan jaso, dokumentazioa aztertzean ez dugu halakorik aurkitzen. Bandolero gehienak bizi irauteko lapurtzen zuten eta ez zeuden, inondik ere, beren etekinak pobreagoen artean banatzeko asmotan.