Rafael Maroto (1783-1853)

Rafael Maroto1

Irudiaren Iturria

"Señor Conde de Casa Maroto" (Maroto Etxeko konde jauna)Lorcan (Murtzia) jaio zen 1783an. Frantsesen inbasioan hasi zuen karrera militarra, beste askok bezala. Haren ondoren, Perura joan zen Ameriketako independentisten aurka borrokatzera. 1810etik burujabea zen Txilera bidali zuten 1813an. 1814an Santiago menderatu zuen, eta brigadier mailara igo zuten. Ameriketan jarraitu zuen, hango herrien askapenaren aurka borrokatzen. Baina porrot egin zuen Txileri independentzia emango zion Chacabucoko guduan 1817an eta espainiar nagusitasunaren amaiera ekarriko zuen Ayacuchokoan 1824an.

Maroto Espainiara itzuli zen orduan, eta Asturiasko eta Toledoko miliziak antolatzeko ardura eman zioten. Bere ideologia kontserbatzaileak Don Karlos infantearen ondora eraman zuen, eta harekin erbesteratu zen Portugalen lehen eta Londresen ondoren. Halere, 1835era arte ez zen armada karlistan sartu. 1836ko abuztuan Kataluniako komandante jeneral izendatu zuten, baina handik bi hilabetera ardura hori utzi zuen, kanpaina txar baten ondoren. Atxilotu egin zuten Frantzian Iparraldeko frontearekin bat egiteko ahaleginean zebilenean, eta Toursen konfinatu zuten. Handik Bordelera joan zen ihesean, eta Erro ministroarengana jo zuen borrokan jarraitzeko prest zegoela esatera. Katalunian izandako jokaeragatik ireki zioten espedientea konpontzen zen arte erbestean itxoin beharko zuela erantzun zion hark.

Rafael Maroto2

Lizarrako fusilamenduak. Irudiaren Iturria

1838ko maiatzean Don Karlosek Maroto deitu zuen, armada karlistaren ardura hartzeko, jeneralen artean banaketak eta krisialdia baitziren nagusi garai hartan.

Hiru hilabetean tropa karlistak berrantolatu eta berriro ere armada liberalari aurre egiteko moduan jarri zituen. Ordurako beranduegi zen, ordea, gerra berriz ere bideratzeko. Bai soldaduak bai gerrako gune nagusiko (Euskal Herriko) jendea aspertuta zeuden gerrarekin. 1839 hasieratik Maroto harremanetan ibili zen jeneral liberalekin, gerra amaitzeko hitzarmen bat lortu nahian. Armada karlista banatuta zegoen itunaren aldekoen eta gerra kosta ahala kosta jarraitzearen aldekoen artean, eta arazo haiek agerian gelditu ziren Marotok Lizarran lau jeneral fusilarazi zituenean.

Don Karlosek bando bat argitaratu zuen orduan Maroto bere kargutik kenduz eta traidoretzat joaz, baina egoera hark kontrolatzen zuenez eta tropa karlista gehienen babesa zuenez, erregegaiak atzera egin eta bere armadako buru bezala onartu behar izan zuen berriro. Maroto bere etsaiak erregearen kuarteletik bota eta lord John Hayrekin, britainiarrek Bizkaiko golkoan zuten armadaren buruarekin, hasi zen harremanetan, hark jeneral liberalekin artekari lanak egin zitzan.

Rafael Maroto3

"Abrazo de Vergara" (Bergarako besarkada). Irudiaren Iturria

Prozesu hori Bergarako Hitzarmenarekin amaitu zen. Itun horrek amaiera eman zion Iparraldeko gerrari, foruak errespetatzearen truke karlistek armak uzteko Esparterorekin sinatutako hitzarmenaren bidez. Abuztuaren 31n Gaztelako bost batailoik, Gipuzkoako hiruk eta Bizkaiko zortzik amore eman zuten Bergaran, eta Don Karlosek erbestera ihes egin behar izan zuen, bere jarraitzaile sutsuenekin. Gerra beste urtebete luzatu zen Katalunian eta Maestrazgoan, Cabrerak ez zuelako ituna onartu, baina karlistek ez zuten gerra irabazteko batere aukerarik.

Rafael Maroto traidoreen ikur bihurtu zen karlistentzat, euskaldun gehienen eta bere soldadu asko eta askoren nahiei jarraiki zazpi urtez luzatu zen gerra hari amaiera ematea lortu zuen arren. 1847an Txilera itzuli zen, eta han hil zen 1853an.

Nabigazioa