Sebastian Gabriel Borboi‑Bragantzakoa Brasilen jaio zen 1811n. Bere ama Beirako printzesa zen eta umea jaio eta bi urtera alargun gelditu zen. Espainiako gortean ohi zenerako oso heziketa zabala izan zuen. Amarekin eta izebarekin (Don Karlos infantearen lehen emaztea) iritsi zen Espainiara.
Jakin min kultural handia zuen eta alor askotan aritu zen: idazkuntzan, pinturan eta litografian, esate baterako. Liburutegi bikaina bildu zuen, fisika kabinete handi bat sortu zuen eta margolan bilduma zabala osatu zuen. Bere inprimategian bi egunkari plazaratu zituen: El Lagarto eta La Mariposa.
Erraz moldatzen zen bost hizkuntzatan, intelektualen tertuliatxo bat bildu zuen bere inguruan eta Madrilgo artista askoren mezenasa izan zen.
Irudiaren Iturria
Fernando VII.a hiltzean Erromara joan eta 1835 urte amaieran Don Karlosen tropekin bat egin zuen. Bilboko bigarren setioan parte hartu zuen, eta Lutxanako porrotaren ondoren, erregegaiak Iparraldeko armadako buru izendatu zuen. Espartero eta Sarsfield jeneral liberalen aurka borrokatu zen.
Armada berrantolatu eta gero, garrantzi handia izan zuen Oriamendiko garaipenean, martxa izugarri gogor baten ondoren bere tropak garaiz iritsi baitziren Britaniar legio laguntzailea Donostiako aldirietan suntsitzeko.
Erregearen espedizioa Ebro ibaia zeharkatzen. (Xehetasuna)1837 urte hartako maiatzean, Erregearen Espedizioko buruzagi militar izendatu zuen Don Karlosek. Aragoin, Maestrazgon eta Gaztelan barrena ibili zen, Madril inguruetara iritsi ondoren. Espedizio hark porrot egin zuen, baina arrazoi politikoengatik, ez militarrengatik, alegia, ez zela infantearen errua izan, baina, halere, porrot hura eta gero, armada karlistako buruzagitzatik kendu zuten.
Erregegaiaren ondoan jarraitu zuen, Bergarako Ituna sinatu eta penintsulatik joan ziren arte. Napoliko Gortean finkatu zen, eta hantxe bizi izan zen harik eta handik hogei urtera Isabel II.ak karlistei amnistia eman eta Espainiara itzuli zen arte.
[Erregearen espedizioa Ebro ibaia zeharkatzen.]
CHAO, Eduardo. La Guerra de Cataluña. Madrid, 1847
1868ko iraultzaren ondorioz erregina erbeste aldera zihoanean, infanteak bere burua eskaini zion Donostian, Elio eta Férula militar karlistekin batera, iraultzaileen aurka borrokatzeko. Erbestera itzuli zen eta bere azken urteetan bi dinastiak, karlistak eta Isabel II.a tronutik kendu berria, adiskidetzeko ahaleginetan ibili zen. Biriketakoak jota hil zen Pauben 1875ean, Bigarren Karlistadaren erdi erdian.