Oriamendi (1837-III-16)

Batailak-Oriamendi1

Irudiaren Iturria

1837ko martxoan, armada liberala gerrari amaiera emateko ahaleginetan zebilen eta horretarako karlisten errege-kuartela konkistatu nahi zuten. Honela, inguratzeko maniobra bat antolatu zuten: Sarsfield jenerala Iruñetik, Espartero  Bilbotik eta Lacy Evans Donostiatik. Britainiar Legio Laguntzailearen arduraduna zen Evans. Liberalek hiri inguruko muinoak konkistatu zituzten, karlistek gogor aurre egin arren. Hilaren 15ean Oriamendiko gotorlekua menderatzea lortu zuten, eta karlistek Santa Barbarako gotorlekuan eta Hernanin babestu behar izan zuten.

Biharamunean, ordea, Sebastian Infanteak Hernaniraino iristea lortu zuen, ibilaldi ezin gogorrago eta luzeago baten ondoren, eta han karlisten tropak sendotu zituen. Kontraeraso odoltsu baten ondoren, karlistek Oriamendi berreskuratu zuten, hildako eta zauritu ugari utziaz Britainiar Legioan. Legioko kideek ozta ozta lortu zuten Donostian babestea. Atzera zihoazela britainiar itsas armadak babesa eman zien, badian zituen ontzietako gizon eta artilleriaren bidez, eta horri esker hondamendia zertxobait apaltzea lortu zen.

Batailak-Oriamendi2

Irudiaren Iturria

Nolanahi ere, liberalek 1.500 gizon inguru galdu zituzten ekintza hartan, eta karlistek erdia baino gutxiago. Eskandalua britainiar parlamenturaino iritsi zen, porrot hura britainiar inperioaren lotsaizuntzat hartu baitzuten. Britainia Handiko hedabideek gogor salatu zuten Lacy Evansen jarduna.

Espartero eta Sarsfield beren goarnizioetara itzuli ziren, eta mugimendu bateratu hura  egundoko porrota izan zen azkenean.