Gomezen espedizioa (1836-VI/XIII)

Batailak-Gomez1

Irudiaren Iturria

Lehenengo Karlistadaren borroka gune nagusiak Katalunia, Aragoi eta, batez ere, Euskal Herria ziren. Euskal lurraldeetan egon zen Don Karlos eta bere gortea, euskal herritarrak jasan zutelarik gerraren zama astunena. Karlistek, zama hau arintzearren, gerra penintsulan zehar zabaltzeko ahalegin desberdinak egin zituzten. Hauen artean luze eta garrantzitsuena Gomezen espedizioa izan zen.

Batailak-Gomez2

Gomezen espedizioa.Museo Zumalakarregi Museoa

Gomezen espedizioaGomez 1836.go ekainaren 26ean irten zen Amurriotik, 2.700 oinezko, 180 zaldun eta bi kanoiekin. Asmoa Asturias eta Galizia aldean gerra sustatzea zen, baina 6 hilabete beranduago espedizioa Euskal Herriratu zenean penintsula osoa korritua zuen, hasierako helburua bete gabe ordea. Oviedo, Santiago de Compostela, León, Palencia, Albacete, Córdoba, Almadén, Cáceres eta Algeciras menperatu zituen, batzuetan borroka gogorren ostean, bestetan tirorik bota gabe.

Baina hiri guztietan, Gomezen soldaduak alde egin bezain laister, liberalak nagusitu ziren berriro, espedizioaren helburutzat zuten gerraren hedatzea lortu gabe.

"Parte de la acción de Villarobledo." (Villarobledoko borrokaren zatia) (Xehetasuna)Sei hilabete hauetan borroka ugari egin zuen Gomezek, atzetik zebilzkion liberalekin. Tello eta Lopez menperatu zituen Baranda eta Matillan, Alaix eta Esparterok erretiratzera behartu zuten Escaro eta Villarrobledon. Rodil eta Narvaez generalak ere atzetik ibili zituen Gomezek. Zenbait momentutan 25.000 liberal mugi arazi zituen bere 6.000 sodaduen atzetik -bidean batu zitzaizkion karlistak kontuan hartuz, Cabrerarekin ere bildu baizen-, baina alperrik, ez baizuten maiz iragarri zuten espedizioaren suntsiketa lortu.

Batailak-Gomez3

GOMEZ, A. "Parte de la acción de Villarobledo" (Villarobledoko borrokaren zatia). Panorama español, crónica contemporánea. Tomo III. Madrid, 1845

Dena den, Stendhalek bere eleberri batean idatzi zuen lez, Gomezen espedizioak gauza bat utzi zuen agerian: Espainiarrak ez zirela ez karlista, ez liberal. Karlistak izan balira, ia penintsula osoa menperatu ostean gerra irabazia zutelako eta ez zen hori gertatu. Liberalak izan balira, ez zioten 3.000 karlistek osatutako talde bati honelako ibilbidea egiten utziko.

Gomezen porrotaren adierazgarri Euskal Herrira iritsitakoan karlistek egin zioten epaiketa. Agindutakoa ez betetzea leporatzen zioten, alegia, Asturias eta Galizian gerra hedatu beharrean penintsula osoa bere kabuz zeharkatzea, jasotako instrukzioei jaramonik egin gabe. Prozesua karlistada bukatu arte luzatu zenez, ez zuen zigorrik jaso.