Errege espedizioa. Museo Zumalakarregi Museoa
Espedizioa ez zen arrazoi militarrengatik antolatu, arrazoi politikoengatik baizik. Maria Kristina erreginordea Don Karlosekin negoziatzen hasia zegoen, matxinatu ondoren Cadizeko Konstituzioa onarrarazi zioten erradikalen beldurrez. Napoliko erresumaren bidez, adiskidetze dinastikoa proposatu zion koinatuari, bere alaba Isabel Don Karlosen premuarekin ezkontzearen bidez. Horretarako, erregegaiak hiriburura joan eta erreginordearekin bildu beharko zuen.
MIRANDA, Manuel. "Vista de Castellón de la Plana en el acto de ser atacada por Don Carlos en la expedición Real" (Castellonen ikuspegia Don Karlosek errege-espedizioan erasotzeko momentuan). CALBO y ROCHINA de CASTRO, Dámaso. Historia de Cabrera y de la guerra civil en Aragón, Valencia y Murcia. Madrid, 1845
1837ko maiatzaren 20an, 11.000 oinezko soldaduk eta 1.200 zaldunek Ebro zeharkatu zuten Don Karlosi jarraiki eta Don Sebastian infantea armada haren buru zela. Handik egun gutxira, Huescan eta Barbastron armada liberalekin borrokatu ziren, eta mendean hartu zituzten. Ekainean Kataluniara eta uztailean Valentziara pasa ondoren, espedizioak Maestrazgoa zeharkatu zuen, eta bidean borrokaldi txiki batzuk izan ondoren, irailaren 12an Madril inguruetara iritsi ziren. Hiriburuko giro politikoa aldatuta zegoen ordurako eta Maria Kristinak ez zuen adostutakoa bete. Don Karlos ez zen hiria menderatzen saiatu, Esparteroren tropak hara iristear zirelako.
"Los carlistas a la vista de Madrid". (Karlistak Madril aurrean). Panorama español, crónica contemporánea . Tomo IV. Madrid, 1845
Ordutik aurrera, espedizioak bidea jarraitu eta Gaztela zeharkatu zuen. Aranda de Dueron Zaratiegi jeneralak gidatutako beste espedizio karlista batekin bat egin zuen. Esparteroren tropen jazarpenaren ondorioz, Don Karlosek bitan zatitu zuen bere espedizioa: batzuk Don Sebastian infantearen agindupean gelditu ziren eta bere agindupean besteak.
Urriaren 26an, Erregegaia karlisten lurraldean sartu zen 5.000 soldadurekin batera, eta amaiera eman zion horrela espedizioari. Don Karlosek espedizio hark arrakastarik ez izatearen erantzuletzat jo zituenen aurka hartutako errepresaliak karlisten proiektuak porrot egitea eragingo zuten barne zatiketen hazia izango ziren. Errepresalia haiei jarraiki, On Sebastian Infantea armadako buruzagitzatik kendu zuten, eta Zaratiegi, Simon de la Torre, Villarreal, Elio eta Egia konfinatu eta espetxeratu egin zituzten.