Bilbo (1835-VI eta 1836-X/XII)

Bataila Bilbao1

Irudiaren Iturria

Zumalakarregi, Gipuzkoa eta Bizkaian zehar eramandako kanpaina arrakastatsuaren ondoren, Bilbo hartzera bidali zuten, hiri bat bereganatzea behar beharrezko baitzuten karlisten diplomazia eta finantzek. 1835.eko ekainaren 10ean hasi zituen hiriaren blokeorako lanak. 12an hiriari errenditzeko aukera eskaini zion eraso bortitzaren mehatxu pean. Mirasolgo kontea zegoen Bilboko agintari militar bezala eta ezezko borobila eman zion  Zumalakarregiri. 14ean hasi zen bonbardaketa, baina hiriko bateriek karlistenak baino indar gehiago zuten, paradoxikoki setiatzaileen artean setiatuenean baino galera gehiago eraginez.

Zumalakarregi 15an Begoñako jauregian setioa antolatzen zegoela, belaunean zauritu zuten, agintea Erasoren eskutan uztera behartuz. Zauri honen ondorioz hil zen Zegaman, 24ean, karlisten buruzagi ordezka ezina. Dena den, Bilboren bonbardaketak aurrera jarraitu zuen.

Batailak-Bilbo2

Irudiaren Iturria

"Plan of the town and vicinity of Bilbao". (Bilboko hiribildua eta inguruetako planoa) Zumalakarregik ez zuen hiriko gune zibilen aurkako tirorik agindu, ahalik eta inguratzen zuten gotorlekuak bereganatu arte. Erasok, aitzitik, 16ean hiri erdia bonbardatzea agindu zuen. Bitartean Bilbotarrak Donostia eta Santandertik bidalitako tropen laguntza espero zuten setioa apurtzeko.

Espartero Bilbon sartzen. (Xehetasuna)Hilak 18an eta 24ean saiatu ziren liberalak Portugalete aldetik Bilbora sartzen, baina karlistek eutsi egin zioten setioari, bonbardaketak gogortuz. Ordurako etxeak, elizak eta ospitalek ere bonbardatzen zituzten. Don Carlos 26ean inguratu zen setioaren egoera aztertzera. Lau egun gehiagoz ihardun zuten Bilbo bonbardatzen, uztailaren lehenean setioa utzi behar izan zuten arte. Latre, Espartero eta La Hera jeneralen tropak, Don Carlosenak baino ugariagoak, Bilbora sartu ziren.

Honela bukatu zen Bilboko lehen setioa, hirian 31 hildako, 130 zauritu eta 11 presoren galera izan zutelarik. Karlisten artean kopurua zehaztu gabe dago, baina Zumalakarregiren galera erabakiorra izan zen.

Batailak-Bilbo3

Irudiaren Iturria

Hurrengo urteko urrian hasi zen Bilboko bigarren setioa, hilak 23an. Lehenengo erasoen porrotak 28an artileria erretiratzera eraman zituen karlistak. Baina azaroaren 4ean berriro ekin zioten hiriaren setioari, Egia jeneralaren agindupean. Hilabete t´erdi luze iraun zuen bigarren setioak, gabon gauean emandako Lutxanako batallak amaiera eman zion arte. Lehenengoan gertatuaren antzera, artileria karlista baino indartsuagoa zen liberalek Bilbo defendatzeko zeukatena. Hala ere, bigarren setioa askoz ere gogorragoa izan zen Bilboko defendatzaile eta biztanleen artean, 250tik gora hil baitziren, zaurituak ia 2.000 izan ziren bitartean. Karlisten porrota eragin handikoa izan zen, Europako begiraleen aurrean hiri bat menperatzeko ezina argi geratzen baizen. Bestalde, Bilbo euskal liberalen ikur bihurtu zen.