Don Carlos 1834.go uztailean iritsi zen Nafarroara eta geroztik buruzagi militar liberalak bere atzetik ibili ziren atxilotu nahian. Rodil generala zen buruzagi nagusia eta honek guda talde desberdinetan banatu zituen tropak erregegaia arrapatzeko asmoz, Espartero, Lorenzo, Oraa eta Carondelet buru zituztela. Azken hau Bianan zegoen zalditeriko 300 gizon eta oinezko 600 bere gain zituela. Zumalakarregik Oraa eta Lorenzoren taldeetatik ihes egin ondoren, antolatu berria zuen zalditeriaren eraginkortasuna probatu nahi izan zuen. Kanpetzun 240 zalduneko taldea osaturik, Bianaruntz jo zuen.
(Bianako bataila) FERRER, Melchor.Historia del tradicionalismo español . Tomo IV. Sevilla, 1943. ZM |
Harrigarria da Bianan kokatuta egonik edozein tropen erasoa sorpresaz jasotzea baina hala gertatu omen zen, irailaren 4.ean. Karlisten infanteriak hiria erasotzen zuen bitartean, “Nafarroako lanzeroek” Carondeleten zalditeriaren aurka jo zuten, Mendabiarako bidean. Karlisten zalditeria zelai irekitan borrokatzen lehen aldiz ari bazen ere, liberalen “Guardia Real”, eliteko zalditeria, ihesean jarri zuten, Zumalakarregik, berak zuzendutako eraso pare baten ostean. Carondelet Logroñon babestu zen, 200 zaldunen galera aitortuz. Karlisten moralerako oso garrantzitsua izan zen borroka hau, Zumalakarregik benetako ejerzito bat antolatzen zeraman lanaren arrakasta agerian uzten baizuen.