Andoain (1837-IX-14)

Batailak-Andoain1

Irudiaren iturria

1837ko irailean, tropa karlisten zati handiena Madril inguruan zebilenean Errege-Espedizioaren barruan, O'Donnell jeneral liberalak Donostiatik abiatu eta Hernani eta Urnieta eraso zituen, arrakasta handiz. Karlistak Oria ibaiaren beste aldean babestu ziren, Andoaindik gertu. Tropa liberalek posizio haiek menderatzeko egindako saioak oso gogorrak izan ziren, 120tik gora baserri erre zituzten eta. Sute gehienak  Britaniar legio laguntzaileak egin omen zituen.

Hilaren 9 eta 13 bitartean, bi armadak elkarri begira egon ziren, liberalak Andoaingo erdigunean eta karlistak ibaiaren beste aldean, tarteka elkarri tiro batzuk botaz. Uranga, Iparraldeko tropa karlisten burua, Nafarroatik etorri zen bere soldaduei laguntzera eta, aurkariek baino soldadu gutxiago zituzten arren, O’Donnellen posizioak erasotzea erabaki zuen, hilaren 14an. Borrokaldi izugarri baten ondoren, liberalak aurretik eraman zituzten karlistak, eta Donostiarako bidean sakabanatu ziren O’Donnellen gizonak.

Batailak-Andoain2

Irudiaren iturria

Karlistek orduan izugarrizko sarraskia egin zuten, britainiarren artean bereziki, baserria galdu zuten baserritar askok haiekin bat egin eta presoak hiltzen ibili zirelako, mendeku hartzeko. Karlistak borroka-zelaitik alde egitean, 620 liberal baino gehiago aurkitu zituzten hilda. O’Donnellek berak nekez lortu zuen handik ihes egin eta Donostian babestea.