Ameskoak (1835-IV-19/24)

Espoz y Mina  ospetsuak 1835.go apirilean dimisioa aurkeztu zuen, liberalen buruzagitza militarra Valdes generalari utziz. Honek Gerraren Ministeritza ere bere gain zuen. Aurrez Zumalakarregik, menperatua izan bazen ere, oraingoan tropa kopuru haundiagoa zuen bere esku.

Euskal Herrira iritsi bezain laister Zumalakarregik gehien maite zuen babeslekua, Ameskoa ibarra, menperatzera jo zuen 20.000 soldaduekin.

Ormaiztegiarrak 5.000 besterik ez zituen Valdesi aurre egiteko, baina aranaren estuak ez zuen tropa haundien mugikortasunik laguntzen. Apirilak 21ean sartu ziren liberalak Ameskoan, Eulate herria bereganatuz, Zumalakarregi San Martinera erretiratzen zen bitartean.

Eulaten karlistek zuten bolbora fabrika erre ondoren, ibarrean barrena erasoa jarraitu beharrean, liberalek Urbasaruntz jo zuten Eulate eta Aranaratxeko portuetatik. Gaua Urbasako benta inguruan pasa zuten 20.000 liberalek, deseroso, karlisten gerrilen tiroak jasoz, karlistak Ameskoako herrietan banatuak lasai atseden hartzen zuten bitartean.

 

Biharamunean liberalak Artazako portutik jaisten hasi ziren, Lizarran babesa hartzeko asmoz. Bertan zain zeuden karlistak eta borroka gogorren ondoren, soldadu kopuruen desorekaz baliatuz, bidea ireki zuten. Arrapaladan zuzendu ziren Lizarrara, karlistak atzetik zituztela. Urbasatik Lizarrarainoko bidea latza izan zen liberalentzat, soldadu kopuru haundiegia baizen bide estu haietarako. Batzu gauez iritsi ziren Lizarrara, beste batzuk Abartzuzan hartu zuten babesa. Ilunpetan sortutako nahasketak liberalen arteko tiroketak eragin zituen. Valdesen lerroetan 50 gizon hil ziren, 200 bat zauritu eta 250 galdu edo karlisten eskutan erori.

Karlistek guztira 100 baja izan zituzten. Baina garaipena batez ere morala izan zen, bere indarrak laukoizten zituzten tropak babes bila ihesean jarri baizituzten, Ameskoak babesleku izaten jarraitzen zuen bitartean. Gainera liberalen porrota haundiagoa izan zitekeen, karlisten munizio eskasiagatik izan ez balitz.