Zalditeria liberala

Gerraren hasieratik bertatik, gobernuak garrantzi handia eman zion zalditeria handitzeari. Honela osatuta zegoen zalditeria: lerroko bost erregimentu zeuden, zortzi arin eta Madrilen zegoen eskuadroi solte bat, gehi Erreginaren Guardiako lau erregimentuak. 1835ean onartutako errege dekretu batez geroztik, erregimentu bakoitzak 800 soldadu eta 700 zaldi inguru izango zituen.
1836ko urrian, Madrilgo, Mantxago eta Cuencako zaldi erabilgarri guztiak konfiskatzeko agindu zen, bai zalditeria liberalean erabiltzeko, bai karlisten eskuetan erortzea galarazteko.

1837ko abenduan, zalditeriak 10.600 gizon eta 9.000 zaldi inguru zituen. Agintari liberalek zaldiak konfiskatzen jarraitu zuten 1838ko urrian eta hurrengo urteko urtarrilean, eta beste 4.000 zaldi inguru gehiago lortu zituzten horrela.


Gerra honetako gorputz militar garrantzitsuena ez zen zalditeria izan, gerraren kokaleku nagusiak aurrera egitea oztopatzen ziolako. Halere, zalditeriaren ekintza nagusietako batzuk aipatuko ditugu hemen. Nafarroan izan zen eraginkorren gorputz militar hori.

Erregearen Guardia zalditeria karlistarekin Bianan borrokatu zen lehenbiziko aldiz, 1834ko uztailean, eta haien mende gelditu ziren Zumalakarregik berak gidatutako erasoaldi baten ondoren. 200dik gora zaldun galduta, Logroñon babestu behar izan zuten.


Mendigorriako gudua izan zen gerrako borrokaldirik handiena erabilitako tropa kopuruagatik, eta zalditeria liberalaren nagusitasunari esker haiek irabazi zuten gudua.


Azkenik, espedizio karlistek -Gómezena 1836an eta Erregearen Espedizioa hurrengo urtean- penintsulan izandako porrotak ere zalditeria liberalak karlistenaren aurrean zuen nagusitasunari zor izan zitzaizkion, hein batean.