Espainiako gobernu liberalak 1834.go apirilean sinatutako Aliantza Laukoitza zela medio (Europako potentzia liberalekin sinatutakoa, britainiar, frantziar eta portugaldarrekin alegia) , Britainiar itsas armadak Kantauriko kostaldea zaintzen zuen karlisten arma lehorreratzeak eragoztearren. Baina Zumalakarregiren arrakasta militarrak aliatuen partaidetza sakonagoa eskatzera eraman zuen Madrilgo gobernua. Britainiarrek, 1835.go ekainean, partaidetza zuzena ukatu arren, bolondresek osatutako guda talde bat bidaltzea erabaki zuten: Legio Laguntzailea.
Uztailean iritsi zen Donostiara lehenengo batailoia eta abuztu erdirako bertan zegoen 10.000 soldaduk osatutako Legioa. Hilabete honen hondarrean Hernaniren aurkako ekintza batean parte hartu zuten estraineko porrota jasanez.
Legioaren buru George Lacy Evans, esperientzia luzeren jabe zen
militarra, izendatu zuten. Don Karlosek Durangoko dekretua zabaldu zuen,
non Elliot Hitzarmenetik kanpo uzten ziren liberalekin borrokatzen
zuten atzerritar guztiak, alegia, denak fusilatzeko agindua ematen zuen.
Fernandez de Cordoba liberalen buruak Britainiar Legioa Gasteizen
kokatzea erabaki zuen eta abendurako bertan zegoen.
Oso negu gogorra jasan zuten Gasteizen, martxorako 800dik gora hildako izan baitzituzten, gehienak gaixotasunen eraginez. Bitartean karlistentzat lanean ari zen okina atxilotu zuten, britainiarren ogia pozoitzeagatik "garrote vil" pairatzea kondenatu zutelarik.
Maiatzean berriro Donostiara itzuli zen Britainiar Legioa, iritsi bezain
laster hiria setiatzen zuten karlisten aurkako borroka arrakastatsuan
parte hartuz. Pasaiako portua liberalentzat eskuratu zuten egun batzuk
beranduago, Donibane gainean gotorleku bat eraikiz.
Urrian legioko 2000 gizon Portugaletera bidali zituzten, Bilboko setioa
hausteko ahaleginetan lagunduz, Lutxanako batailan ere partaidetza izan
zutelarik. 1837.go martxoan, aitzitik, karlistadan jaso zuten jipoirik
handiena jasan zuten Oriamendin On Sebastian Infantearen eskutik.
Maiatzean, berriz, Donostiatik Bidasoarainoko herriak menperatu
zituzten. Erresistentzia gogorrena Irunen aurkitu zuten, garaipenaren
ostean herritarrenganako basakeri ugari burutuz.
Britainiarrek bi urtetarako zerbitzua sinatua zutenez, 1837.go uztailean gehiengoak erretiratzea erabaki zuen, Lacy Evans, barne, gaizki hornituak eta berandu ordainduak izan baitziren. Dena den, 1700ek geratzea erabaki zuten, O´Conell koronelaren agintaritzapean Legio Berria osatuz. Irailean, Andoaingo borrokan Uranga ren karlisten aurrean 100dik gora britainiarrek galdu zuten bizia, Legio Berria ia ia deseginez. Abenduan O´Conellek Legio Berria deuseztea erabaki zuen, ardura guztia gobernuari egotziz, ez baizitzaizkien hornidura eta soldatak garaiz iristen. Balantze modura esan dezakegu karlistadan parte hartutako 10.000 britainiarretik laurdenak bertan utzi zuela bizia. Baina 2.500 hildako hauetatik erdia ez zen borroken eraginez zendu, gaixotasunengatik baizik.