Artilleria karlista

Gerraren hasieran karlistek Gasteizko Boluntario Errealistenak ziren lau kanoi zituzten arren, handik egun gutxitara galdu egin zituzten, boluntarioak sakabanatzean. 1834 amaiera arte ez zen berez artilleria karlistarik egon, harik eta Dulantzin O'Doyle i bi kanoi lapurtu eta pieza berriak egiten ibiliko zen Vicente Reina karlisten lerroetan sartu zen arte.

 

 

Bizkaiko hondartza batean kanoi zahar bat zegoela jakinarazi zioten Zumalakarregiri eta hark Urbasara eramateko agindu zuen, aukera hobeak zeudenerako lurperatuz han. Karlistek aurreneko hilabeteetan egindako gerra mota zela eta, ezin zuten kanoiekin batera eta bestera ibili, eta horregatik lurperatu egiten zituzten hurrengo aukera sortu arte. Boluntarioek Bizkaiko kanoia aurkitu zutenean, zeharo lizunduta eta herdoilduta zegoen, eta "aitona" izena jarri zioten beraz. "Aitona" Reinak egindako kanoiekin batera erabili zuten Etxarri Aranaz, Trebiño eta Ordizia hartzeko guduetan. Lehertu egin zen hainbatetan, baina konpondu egiten zuten aldiro aldiro. Pieza berriak lortzean "aitona" erabiltzeari utzi zioten karlistek Bilboko lehen setioaren ondoren.

 

 

1835ean Joaquín Montenegro artilleriako brigadierra batu zitzaien karlistei. Artilleria gorputza antolatzeaz arduratu zen eta haien arduraduna izan zen gerra osoan zehar. Zubillagako arma lantegi eta galdategia sortu zuen Oñatin, eta artilleroentzako eskola bat ere antolatu zuen. Haren antolakuntza gaitasunei esker, karlistek 60, 70 kanoi izan zituzten gerrako hilabete gehienetan zehar. Halere, Don Karlosen jarraitzaileek ez zuten inoiz Iruñea edo Donostia bezalako gotorlekurik menderatzeko adina artilleria sendorik izan, eta Bilboko setioetan artilleria liberalaren azpitik ibili ziren.

 

 

Munizioari dagokionez, gerra hastean bolbora eta bala fabrikak ibiltariak izan ziren, eta 1836tik aurrera Tolosan, Legution eta Ameskoaetan finkatu ziren. Dena den, karlistek armada liberaletik lortzen zituzten arma eta munizio gehienak. 1834ko urtarrilean, adibidez, Zumalakarregik Orbaitzetako arma fabrika konkistatu eta kanoi bat eta 50.000 kartutxo bereganatu zituen.