XIX. mendeko emakume esploratzaileak

XIX. mendean europarrak mundua esploratzera jo zuten. Tartean hainbat emakume aurki ditzakegu. "Le Tour du Monde" aldizkarian topatu ditugun hauek aurkeztera gatoz.

XIX. mende erdi aldera europarrak mundua esploratzeari ekin zioten. Mapak zuri zeuden lurraldeetan barrena murgildu ziren bidaiariak. Parisen Le Tour du Monde aldizkaria sortu zen 1860.ean, esploratzaile hauen kontakizunak jasotzeko.

Zumalakarregi Museoa. Le Tour du Monde. 1860

Bertan, garaiko ikuspegi kolonial eta inperialista erabiliz, esploratzaile hauen testigantzak munduaren irudi zabala eskaintzen digute, gehienetan gizonezkoena. Baina izan ziren emakume esploratzaileak ere. Gaurkoan aurkezten duguna, aldizkari honetan aurkitu ditugun hainbat emakume dira. Emakume adoretsu hauen artean esan dezakegu gizon esploratzaileek erakusten ez diguten indigenekiko ikuspegi ulerberago bat aurkitu dugula, ausardi eta trebetasunez maila bereko espediziotan murgildu ziren arren.

Emakume esploratzaileak XIX. mendean Podcast-a.

 

Ida Pfeiffer

Viena (Austria) 1797-1858

Ida Pfeiffer

Ida Pfeiffer da hautatu dugun lehena. Vienan jaio zen 1797.ean eta 45 urte bete arte etxekoandre lanak bete zituen. Seme alabak hezi zituenean hasi zen bidaiatzen eta hamar bat urteetan munduari bi bira ematera iritsi zen. Berlin eta Pariseko Geografia Elkarteetan onartutako lehen emakumea izan zen.

Lisa Barbier Cristiani

Paris (Frantzia) 1827- Tobolsk (Errusia)

Lisa Barbier CRISTIANI

Bigarrena Lisa Barbier Cristiani musikaria da. Bere biolontxeloa lagun, Siberian zehar 20.000 km. egin zituen. Sekula musikari profesional batek jo ez zuen lekutan zabaldu zuen bere trebetasuna. Siberiako Tobolsk hirian hil zen kolera izurritearen eraginez.

Alexandrine Tinné.

Haga (Holanda) 1835 - Murzuk (Libia) 1869

Alexandrine Tinné

Alexandrine Tinné Sahara zeharkatzen saiatu zen lehen emakume europarra izan zen. Holandar familia aberatsekoa, hiru urtez Nilo ibaiaren iturrien bila ibilia zen, Speke eta Baker esploratzaileekin gurutzatuz. Bere azken esplorazio saioan hil zuen tuareg talde batek Libiako basmortuan.

 

 

Florence von Sass

Transylvania (Austria Hungaria inperioa, egun Errumania) 1841- Devon (Ingalaterra) 1916

Baker senar emazteak

Florence von Sass esklabu merkatu batean erosi zuen bere senar bihurtuko zen Samuel Baker bidaiariak. Ostean bere esplorazio bidai nagusien ezinbesteko laguna izan zen, Nilo ibaiaren iturria aurkituz Alberto lakuan 1860ko hamarkadan, zein esklabu merkataritzaren aurkako kanpaina militarrean 1870.ean.

 

------------------------------------------------------

Emakume esploratzaileak XIX. mendean. Mikel Alberdi Sagardi.Goienagusi Kultur elkarteak antolatutako hitzaldia, 2021ko maiatzaren 26 zuzenean emititua

Emakume esploratzaileak XIX. mendean. Mikel Alberdi Sagardi.
Goienagusi Kultur elkarteak antolatutako hitzaldia, 2021ko maiatzaren 26 zuzenean emititua