Taylor baroia | Jean Jacottet | Blanche Hennebutte | Salneuve |
Thomas Lyde Hornbrook | Fidel Mugica | Rodolfo Sprenger | Ricardo Bouquet |
Isidore Justin Séverin TAYLOR, Taylor Baroia
Bidaiarien grabatuekin hasiko gara, erakusketaren kartelean agertzen den Taylor baroiaren “Saint Sebastien” estanparekin. Irudia erabat erromantikoa da, lehen planoan hainbat ahuntz agertzen dira jolasean eta Urgull mendiaren tamaina deigarria egiten zaigu.
Egilea, Isidore Justin Séverin Taylor, Angulemako dukeak zuzendutako San Luisen Ehun Mila Semeen espedizio militarrean etorri zen Euskal Herrira 1823.ean, d’Orsay jeneralaren laguntzaile modura. Ibilbide honetan jasotako irudiekin Voyage Pittoresque en Espagne, en Portugal et sur la Cote d´Afrique, de Tanger a Tétouan argitaratu zuen Parisen 1826.ean.
TAYLOR baroia. "Intérieur de l'eglise principale : a St. Sebastien". Koldo Mitxelena Kulturunea. Iturria.
Honela deskribatzen du hiria bere liburuan: "Donostia Gipuzkoako hiri nagusia da. Gune hondartsu batean eraikia dago, Urumearen bokalean. Urgull mendia atzean du.Hiriak eta mendiak batera lur mutur bat osatzen dute, Hernaniko bidetik begiratuta ozeano gainean flotatzen duen hiribildua bailitzan".
TAYLOR baroia. “Embouchure de la Bidassoa". Euskal Itsas Museoa. Donostia. Iturria.
Frantzian hezitako Irlandar jatorriko belgiarra zen Taylorrek, liburu honetan Gipuzkoako zortzi grabatu eskaini zizkigun.
TAYLOR baroia. “Rue principale de Fontarabie”. San Telmo Museoa. Donostia.
Taylor baroia frantziar XIX. mendeko arte munduan nabarmendu zen. Luxoreko obeliskoaren Frantziaratzearen arduraduna izan zen eta, Arte Eder ikuskatzaile modura, Luis Felipe erregeren "Galerie Espagnole" bildumaren sorreraz ere arduratu zen, Louvre Museoan.
TAYLOR baroia. “Grand bas-côté intérieur de l'église de Fontarabie". Biblioteca Nacional. Madrid.
Voyage Pittoresque argitalpenean euskal irudi guztiak Gipuzkoari dagozkio, Hondarribitik Tolosarainoko bidean.
TAYLOR baroia. "Place de port des Passages". Koldo Mitxelena Kulturunea. Irudiaren iturria.
Frantziar erromantizismoaren argitalpen erraldoienaren egilea ere izan zen, Voyages pittoresques et romantiques dans l'ancienne France, 1820 eta 1878 bitartean agertutako Gericault, Isabey, Ingres edota Violet-le-Duc bezalako artisten litografiez hornitutako 24 liburuki.
TAYLOR baroia. "Tolosa". San Telmo Museoa. Donostia.
Tolosako irudi eder pare bat ere utzi zizkigun egile erromantiko honek.
TAYLOR baroia. "Maison d’un hidalgo dans la grande rue de Tolosa". San Telmo Museoa. Donostia
Federico de Madrazo margolariak Taylor baroiaren erretratu eder bat utzi zigun.
Federico de Madrazo. "Le Baron Taylor". 1833. Musée National du Château de Versailles.
JeAN Louis François JACOTTET
Irudigile honek Donostia lehen karlistaldi aurretik ezagutu zuen eta garaiko giroa ederki jaso zuen.
Jean JACOTTET. ""St. Sebastien: prise de la route d'Hernani". 1835. San Telmo Museoa.
Irudi eder honetan lehen planoak garrantzi haundia du, Hernaniko bidea jendez eta animaliez beteta baitago. Figura hauek beste egile bat dute Adolphe BAYOT, izan ere, estanpak egiterakoan askotan egile nagusiak paisaia irudikatzen zuen bitartean figurak beste marrazkilari batek osatzen zituen. Bayot litografo bezala ere ezaguna da, baina gurean Genaro Perez de Villaamil ilustratzailearen España artística y monumental lanean ere figuren egile izateagatik ezagutzen dugu.
Genaro Perez de Villa Amil. “Nuestra Señora del Juncal en Yrun”. Figurak Adolphe Bayot. KMK. Iturria.
Baina bereziki, Tomas Zumalakarregiren olio-erretratu baten egile ere izan zelako. "Mugako nire lagunei: Ipar Euskal Herria karlistadetan (1833-1876)" aldi baterako erakusketan bilduma pribatu batetik ekarri genuena.
Adolphe BAYOT. "Portrait de Tomás Zumalacárregui". Bilduma pribatua. Saint-Etienne-de-Baigorry.
Gainera, Agosti Xahok Parisen 1836.ean argitaratutako Voyage en Navarre pendant l´insurrection des Basques (1830-1835) liburuko irudien egilea ere izan zen.
Adolphe BAYOT. "Navarrais".1836. Koldo Mitxelena Kulturunea.
Jacottet ilustratzaileak garaian modan zegoen Piriniotarako bidaian jaso zituen irudiak, bi argitalpen nagusietan argitaratutakoak: Souvenirs des Pyrénées ou Choix des sites les plus pittoresques des etablissements thermaux et des environs eta Souvenirs des Pyrénées : nouvelle excursion. Biak Parisen 1835.ean argitaratuak, bakoitza 50 litografiaz osatua zegoen.
J. JACOTTET. "Luz, route de Barreges". Koldo Mitxelena Kulturunea.
Argitalpen hauen helburu nagusia Pirinioak baziren ere Euskal Herriko hainbat irudi egin zituen Jacottetek. Besteak beste Baiona eta Donibaneko hauek.
J. Jacottet."Vue du château vieux : a Bayonne". Koldo Mitxelena Kulturunea. Iturria.
J. Jacottet."Vue de St. Jean de Luz : prise du fort de Socoa", Koldo Mitxelena Kulturunea. Iturria.
Muga gurutzatu eta beste litografia zoragarri hauek eskaini zizkigun.
J. Jacottet."Pont d'Irun sur la Bidassoa : a Behobie". Euskal Itsas Museoa. Iturria.
Gure bilduman ere baditugu batzuk.
J. Jacottet. "Irun". ZM. Iturria.
J. Jacottet."Vue du Pasages". ZM. Iturria.
Blanche HENNEBUTTE
Dagoeneko badira sei urte Zumalakarregi Museoan Feillet ahizpei buruzko erakusketa antolatu genuela, Baionako Euskal Museoarekin elkarlanean. Hélène eta Blanche Feillet Parisen jaio ziren baina 1834.ean Baionan kokatu zirenetik Euskal Herria izan zuten bere jardun artistikoaren gai nagusia. Zalantzarik gabe esan dezakegu euskal artean benetako aitzindariak izan zirena.
Blanche HENNEBUTTE. "Azcoitia et ses environs." 1850. Zumalakarregi Museoa. Iturria.
Blanche 1844.ean Charles Hennebutte Baionako argitaletxe baten jabearekin ezkondu zen eta bi ahizpek bere proiektuetan lan egin zuten. Turistei zuzendutako hainbat gida argitaratu zituen eta hauek ilustratzeko zeramatzaten litografiak Feillet ahizpen esku egon ziren. Hauetako batean France et Espagne: album des deux frontieres izenburukoan Blanchen litografiak agertzen dira.
Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia.
“Urgullen magalean” erakusketan ikus daitezkeen biak honako hauek dira.
Blanche HENNEBUTTE. “St. Sebastien”. 1850. Koldo Mitxelena Kulturunea. Iturria.
Erakusketan San Telmo Museoko bildumakoak daude ikusgai, biak kromolitografiak, kolorezko grabatuak alegia.
Blanche HENNEBUTTE. “Vue de St. Sebastien”. 1850. Baionako Euskal Museoa.
Blanche Feillet Parisen jaio zen 1815ean eta Biarritzen hil 1886ean. Frantzian ohi denez ezkontzerakoan abizena galdu zuen, baina bere lan askotan jaiotzez Feillet zela aldarrikatu zuen.
Blanche Hennebutte, Feillet jaioak, bertan marraztu eta litografiatua.
Blanche Feilleten senarrak, Charles Hennebutte inprimatzaile eta argitaratzaile baionarrak, euskal turismoa sustatzeko ahaleginak egin zituen, Baionatik Bilborainoko ibilbidea proposatzen zuten zenbait argitalpenen bitartez.
Blanche HENNEBUTTE. "Vue de la place de la nouvelle église et de la Ville Eugénie". Baionako Euskal Museoa.
Blanche HENNEBUTTE. "Bilbao : vue prise du chemin de Bermeo." Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Argitalpen honen azala besterik ez dugu ezagutzen tamalez, nabarmenki hegoaldean zabaltzeko asmoz egina.
Hennebutte familiaren bilduma.
Bi ahizpek argitalpen hauen ilustrazioak burutu zituzten eta argitaratuko zituzten litografiak prestatzeko Euskal Herrian zehar bidaiatzen zuten marrazkiak zuzenean jasoz.
Blanche HENNEBUTTE. "Motrico". Baionako Euskal Museoa.
Bi ahizpek Charles Hennebutteren gida turistikoak ilustratzeko litografia asko egin zituzten, gehienak paisaiekin, batzutan ilustrazioetan ohikoak ez ziren herrienak.
Blanche HENNEBUTTE. "Ondarroa. Vue du port". Euskal Itsas Museoa. Donostia. Iturria.
Bestetan baita euskal jantzi eta ohiturak jasotzen zituztenak ere. Bai iparraldean
Hélène FEILLET. "Costumes basques". Baionako Euskal Museoa.
Baita hegoaldean ere.
Blanche HENNEBUTTE. "Costumes basques espagnols : batelières de Passages". Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Aldi baterako erakusketa antolatzean jakin genuen litografia honetan irudikatuak Blanche eta bere senarra Charles Hennebutte izan daitezkeela.
Hélène FEILLET. "Le cacolet. Environs de Bayonne." Baionako Euskal Museoa.
Izan ere, Hennebutte familiaren tradizioak honela jaso du, Blanchen hereniloba den Amaia Hennebutte adiskideak kontatu digunez.
Jean Felix SALNEUVE
Erakusketak “Gerra garaiak” gunean Donostia irudikatu zuten hainbat militarren lanak jasotzen ditu, tartean Salneuve tenientearena, Parisen 1824.ean argitaratua.
Le CAMUS. "Saint Sebastien.(Guipuscoa)". San Telmo Museoa.
Litografian “San Luisen Ehun Mila Semeak” Donostian sartzen irudikatzen dira, hiriak sei hilabetez jasandako setioaren ondoren. Espedizio militar honetan kanpainako inprenta litografikoa ekarri zuten, Salneuve tenientearen ardurapean.
Le CAMUS. “Passage de la Bidassoa : exécuté par l'Armée Française sous les ordres de S.A.R. le Duc d'Angouléme, le 7 Avril 1823”. Zumalakarregi Museoa. Iturria.
Bertan egindako grabatu bat iritsi zaigu tropa frantsesak Tolosan barrena zihoazenean Armadaren inprenta litografikoan egina. Euskal Herrian egindako lehen litografien artean koka dezakegu, zalantzarik gabe, Angulemako Dukearen aurrean egindako desfilea irudikatzen duen hau.
SALNEUVE. “Vue de l'entrée de Tolosa : au moment où la Division Loverdo y arrive et défile devant S. A. R. Monsigneur Duc d'Angoulème”. Bizkaiko Foru Liburutegia.
Jean Felix Salneuve militarra, topografoa eta litografoa izan zen. Inbasio frantsesaren ostean, 1824.ean Parisen Itineraire pittoresque du Grand Quartier Général pendant la campagne de 1823 en Espagne argitaratu zuen.
PASQUIER. "Ernani. (Guipuscoa)". Koldo Mitxelena Kulturunea. Iturria
Zumalakarregi Museoaren bilduman baditugu argitalpen honetako hiru grabatu.
SALNEUVE. "Tolosa. (Guipuscoa)". Zumalakarregi Museoa. Iturria
SALNEUVE. "Montdragon. (Guipuscoa)". Zumalakarregi Museoa. Iturria
Argitalpen honetan tropa frantsesen mugimenduak adierazten dituzten litografiak aurkitzen ditugu, Bidasoa ibaia gurutzatzeko erabili zuten zubiarena esaterako.
Le CAMUS: "Vue de la pont de la Bidassoa. Construit par le Français pendant la campagne de 1823". Bizkaiko Foru Liburutegia.
Bereziki deigarria egiten zaigu Urretxu inguruan Salneuvek egin zituen hiru litografia, bilduma desberdinetan aurkitu ditugunak.
SALNEUVE. "Villareal. (Guipuscoa)" San Telmo Museoa.
SALNEUVE. "Villareal. (Guipuscoa)" Koldo Mitxelena Kulturunea. Iturria
Le Camus. “Environs de Villareal. (Guipuscoa)”. Bilduma pribatua.
Duela gutxi ezagutu dugu beste litografia hau.
Salneuve. "Eglise de Zumarraga". Bilduma pribatua.
Salneuvek Euskal Herrian egindako ibilbidea Gasteizen bukatu zuen.
SALNEUVE. "Vitoria". Baionako Euskal Museoa.
Thomas Lyde HORNBROOK
Britainiarrek partaidetza nabarmena izan zuten Lehen Karlistaldian. Itsas Armadarekin euskal kostaldea kontrolatuz 1834.etik eta 10.000 soldadu inguru bidaliz Britainiar Legio Laguntzailean 1835.etik aurrera.
Thomas Lyde HORNBROOK. "San Sabastian from the Convent of St. Francisco." ZM. Iturria.
Baina Zumalakarregi Museoarentzat bereziki garrantzitsua dena, hauekin Euskal Herrira etorri ziren ilustratzaile bikainen lana dugu.
Thomas Lyde HORNBROOK."View of French Passages, Spain." ZM. Iturria.
Thomas Lyde Hornbrook arma talde honen partaidea izan zen eta Donostian bere aitarekin, Richard Lyde Hornbrook itsas armadako ofizialarekin topo egin zuen. Aita semeak ziren ilustratzaile trebeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren bilduman hainbat akuarela eta litografia gordetzen dira.
Thomas Lyde HORNBROOK. "The principal street of Fuentarabia". Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Thomas semeak, Erresuma Batura itzultzean Twelve views in the Basque Provinces illustrating several of the actions in wich the British Legión was engaged with Carlist Troops grabatu bilduma argitaratu zuen 1840.ean.
Thomas Lyde HORNBROOK."View of Passages, and Fort Hay" ZM. Iturria.
Gerra akzioak agertzen dira hauetako batzuetan, Oriamendiko borroka esaterako.
Thomas Lyde HORNBROOK."Ernani from the plateau at the Venta of Oriamendi" ZM. Iturria.
Bereziki Irungo konkista, Britainiar Legioaren garaipen nagusia izango zena, irudikatu zuen bost litografietan.
Thomas Lyde HORNBROOK."Attack on the Town of Irun, by the Combined Forces of the British legion and Christinoes, 17th May 1837" ZM. Iturria.
1837ko maiatzak 17an gertatu zen borrokan karlistek defentsa gogorra egin zuten.
Thomas Lyde HORNBROOK."Behobia gate of Irun with the Royal Irish storming, May 17th. 1837." ZM. Iturria.
Hornbrookek borroka honen ikuspegi bitxiak utzi dizkigu.
Thomas Lyde HORNBROOK."Exterior of the Fontarabia gate of Irun : fixing the Petard, and shewing the window where it was first entered." KMK. Donostia. Iturria.
San Telmo Museoaren bilduman aurkitzen dugu irudi honen bestaldea, berriz ere Irungo Hondarribia atearen bueltan.
Thomas Lyde HORNBROOK. "Interior of Fontarabia gate of Irun just prior to the entrance of the British Legion." San Telmo Museoa. Donostia.
Baina britainiar honen irudi ederrenak ez dira gerra gertakizunak erakusten dizkigutenak.
Thomas Lyde HORNBROOK."Ernani, from the Astigarraga road." KMK.Donostia. Iturria.
Bukatzeko beste bilduma batean aurki dezakegun irudi zoragarri hau eskaintzen dizuegu.
Thomas Lyde HORNBROOK. "Fuentarabia from the River Bidassoa." Hondarribiko Udal Artxiboa.
Fidel Mugika
Gerra garaiko egileak alde batera utzi eta “Hiria hazten” gunea osatzen duten grabatuen inguruko begirada eskaintzen hasiko gara. Esan dezakegu Fidel Mugika Donostiako lehen litografoa izan zena. Erakusketa honetan Donostiaren ikuspegi bereziena eskaintzen digun litografiaren egile dugu Mugika.
Fidel MÚGICA."Vista de la ciudad de San Sebastian y sus alrededores tomada desde el castillo de la Mota". 1858. San Telmo Museoa.
Izan ere, Urgull menditik bertatik egindako irudia baita. Oraindik ere hiria harresi barruan biltzen zen eta Mugikak maisuki irudikatzen digu. Lehen planoan agertzen den militarraren izena ere ezagutzen da. Gazteluko gobernadorearen laguntzaile zen Pedro Cerezo alfereza omen da.
“Urgullen magalean” aldi baterako erakusketan Fidel Mugikaren beste litografia bitxi bat ikus daiteke.
Fidel MÚGICA."Fabrica de cal hidraulica La fe".1860. San Telmo Museoa. Donostia.
Irudi honetan Kontxako badian kokatua zegoen kare fabrika ikusten dugu lehen planoan. Bereziki interesgarria deritzogu fabrika aurrean jasotzen duen mugimendua.
Fidel Mugikak Donostiako lehen inprenta litografikoa sortu zuen 1840 urte inguruan. Handik aurrera hainbat grabatuen egile bezala agertuko zaigu batzuetan, litografien arduradun besteetan.
Zezenketa saio baten iragarkia. Donostia, 1856. Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia.
Mugikak berak ere San Martingo zezen plazaren irudia marraztu zuen.
Fidel MÚGICA. "Plaza de toros de San Sebastián." c. 1855. San Telmo Museoa. Donostia.
Beste honetan, George Carpenter egilea duena eta Pio Zuazuak 1857.ean argitaratua, litografia Donostiako Mugica eta Baroja etxean egina dela dio.
George Carpenter. "San Sebastian". 1857. Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Garaiko hainbat gertakizun jaso zituen Mugikak, Afrikako gerrara zihoazen Euskal Tertzioen irteera esaterako.
Fidel MÚGICA. "Embarque de los Tercios Vascongados en el puerto de Pasages.". 1860. San Telmo Museoa. Donostia.
Besteak beste, Mugikari zor diogu Donostiako estropaden lehenengo irudia, ustez 1860.goa.
Fidel MÚGICA. "Vista de San Sebastián". 1860.San Telmo Museoa. Donostia.
Irudia erakusketan agertzen den beste litografia batean oinarrituta dago, datorren sarrera batean ikusiko dugunez.
Baina Fidel Mugikaren lanik esanguratsuena, zalantzarik gabe, “Album de Guipuzcoa” izenez argitaratu zuen litografia saila izan zen.
Fidel MÚGICA."Vista de Vergara". c.1870.Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Bertan probintziako 17 herriren ikuspegiak eskaini zituen.
Fidel MÚGICA."Vista de Guetaria". c.1870.Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
Hauetako batzuetan Mugika bera agertzen zaigu egiletzat.
Fidel MÚGICA."Vista de Motrico". c.1870.San Telmo Museoa. Donostia.
Datorren sarreran ikusiko dugunez, besteetan irudigile desberdinen laguntza jaso zuen ekimen hau burutzeko.
Fidel MÚGICA." Vista de Irun : puente del ferro-carril sobre la Bidasoa". c.1870.Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia. Iturria.
rodolfo sprenger
Harresia eraitsi ondoren hiria hazten erakutsi ziguten irudigileen artean interesgarrienetakoa, zalantzarik gabe, Rodolfo Sprenger alemaniarra dugu. Donostian mende laurdena bizi izan zen eta garaiko hiriaren litografo ospetsuena bihurtu zen.
Aurreko sarreran Fidel Mugicaren Album de Guipuzcoa lana aipatzen genuen. Argitalpen honetako hainbat irudi ilustratzaile alemaniar batek eginak ziren, Rodolfo Sprenger.
Rodolfo SPRENGER. “Vista de San Sebastián”. San Telmo Museoa. Donostia.
Aurrez gure bilduman eta, hain zuzen, erakusketa iraunkorrean, izenburu berdineko Sprengerren beste litografia bat erakusten genuen.
Rodolfo SPRENGER. “Vista de San Sebastián”. Zumalakarregi Museoa.
Guretzat oso egile maitea da, izan ere, Ormaiztegiko XIX. mendeko irudi ederrena berari zor diogu.
Rodolfo SPRENGER. “Vista de Ormaiztegui”. Zumalakarregi Museoa. Iturria.
Fidel Mugicaren Album de Guipuzcoa argitalpenerako beste irudi batzuk ere egin zituen, besteak beste, Pasaiako hau.
Rodolfo SPRENGER. “Vista de Pasages”. Euskal Itsas Museoa. Donostia.
Ez dakigu zehatz Rodolfo Sprenger noiz jarri zen gure artean bizitzen, baina 1872.ean irudi honen egile agertzen zaigu.
Rodolfo SPRENGER. “San Sebastián. La partida”. Bilduma pribatua.
Hurrengo urteko La Ilustración Española y Americana aldizkarian bere konposizio hau aurkitu dugu.
Rodolfo SPRENGER. “Guipúzcoa. El convento de Loyola y sus cercanías”. Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia.
Badakigu 1875.ean Alemaniako kontsula hautatu zutela Donostian eta 24 urtez bete zuena egin behar hau. Bitartean hiriaren irudi asko egin zituen. Tartean abaniko izateko asmoz irudikatutako ikuspegi zoragarri hau.
Rodolfo SPRENGER. “Playa de San Sebastián”. San Telmo Museoa. Donostia.
Francisco Lopez Alen, donostiar idazle eta margolari garaikideak dio euskara ere ikasi zuela Sprengerrek.
Badakigu hainbat Alemaniako enpresen ordezkari izan zela Donostian. Baita ilustrazioari lotutako lan desberdinak egin zituela ere.
Jose Joaquin de OLAZABAL ARBELAIZ. “Carta topográfica de la provincia de Guipuzcoa” 1849. Sprengerrek 1881.ean zuzendu eta osatua. Koldo Mitxelena Kulturunea.
Sprengerrek mapa honetan egindako eguneratzea aztertzeko ariketa egin dugu Donostiako planoaren 1849ko bertsioa 1881koarekin parekatuz, bidebatez harresien desagerketaren eragina bistaratuz.
Olazabal 1849.
Sprenger 1881.
Olazabal irundarraren mapa eguneratzeaz gain hainbat liburu azal diseinatu zituen, Manterolaren olerki honena esaterako.
Jose MANTEROLA. Euskal Oroitza. Calderon. Recuerdo vasco. Donostia, 1881. KMK.
Hala nola, beste lan kartografikoen egile ere izan zen.
Rudolf SPRENGER. “Plano del Abra y mitad inferior de la ría de Bilbao.” Bilbao, 1888. Bizkaiako Foru Liburutegia.
Leipzig hiriko litografia batean egindako Bilboko itsasadarraren mapa honetan ere bere sinadura hau da: “Rudolf Sprenger. San Sebastian. Guipuzcoa”.
Badakigu Donostian 1886.ean antolatutako lehenengo margoen erakusketan ere parte hartu zuena, hainbat marrazki aurkeztuz. Baita mende bukaeran Donostia utzi eta Madrilera joan zena Alemaniako enbaxadan lan egitera. Bere lan asko ditugu oraindik aurkitzeke.
Ricardo Bouquet
Erakusketaren azken guneak “Udako hiria” du izenburua. Bertan aurkitu dezakegu Ricardo Bouquet margolariaren lanean oinarrituta, Alfred Guesdonek litografia bihurtu zuen irudia.
Ricardo Bouquet. “Vista de San Sebastián”. San Telmo Museoa. Donostia.
Irudian Napoleon III.ak Donostiara 1856.go udan egin zuen bisita ikus dezakegu. Badakigu Buquetek olio margo bat egin zuena. Frantziako enperadorearen emazte Montijoko Eugeniari oparitu ziotena eta Biarritzeko bere jauregian gorde zutena.
Dirudienez, Miramar jauregian olio margo honen kopia bat ere bazuten, alboan duzuen hau.
Ricardo Bouquet. “Vista de San Sebastián”. Donostiako udala.
Ricardo Bouquet margolariaren berririk ez dugu apenas. Badakigu, garaiko prentsak jaso zuelako, Donostiako udalak oparitu ziola margoa Montijoko Eugeniari 1857ko udan. Ventura Barcaiztegui jenerala eta Bouquet bera joan ziren olioa entregatzera eta enperatrizak, trukean, inperioaren koroa eta bere izena grabatuak zituen ordulari dotorea oparitu zion margolariari.
Ricardo Bouquet. “Vista de San Sebastián”. Gipuzkoako Foru Aldundia.
Grabatu hau aurrez ikusi dugun Fidel Mugikaren beste baten oinarria izan zen, alegia, Kontxako lehen estropada irudikatzen duenarena.
Egile honen beste lan bakarra ezagutzen dugu, izenburu berdineko beste hau.
Ricardo Bouquet. “Vista de San Sebastián”. Gipuzkoako Foru Aldundia.
Honaino "Urgullen magalean: Donostiako estanpak" aldi baterako erakusketan agertzen diren hainbat egileei buruzko informazioa zabaltzeko egin dugun ahalegina. Zumalakarregi Museoak XIX. mendeko ikonografiaren difusioarekin duen atxikimenduaren eredu.