Gerra karlistak Ipar Euskal Herrian

Euskal Herri kontinentalak paper garrantzitsua izan zuen karlistaden garapenean; bereziki, karlisten babeslekua eta logistika-basea izan zen, horiek altxamenduak antolatzen zituztenean. Horrenbestez, Baiona espainiar liberalen espioitza-gune bihurtu zen; izan ere, armak eta hornidurak karlisten eremura kontrabandoan pasatzea saihestu nahi zuten, bai eta atzerrian zeuden buruzagi karlisten konspirazioak ere.

Prentsa: Jakiten lehenak

Baionako prentsak aparteko protagonismoa hartu zuen, ez soilik Frantzia aldean, baita penintsulan eta Europan ere; izan ere, gune pribilegiatua zen gatazkari buruzko informazioa jasotzeko.
Bigarren gerra karlistan ere antzekoa gertatu zen; dena den, Europako prentsak berriemaileak bidali zituenez, Baionako prentsa ez zen lehen bezain ezinbestekoa.

Muga: Mendien beste aldean

Frantziako gobernuak interes handiz jarraitu zituen mugaren beste aldean gertatzen ari ziren gerra-mugimenduak. Askotan, gainera, gerra hari buruzko informazioa lehenago jasotzen zuten Parisen Madrilen baino; hori da hori paradoxa! Lehenengo gerra karlistan, Harispe jenerala arduratu zen informazio hori biltzeaz eta Pariseko Atzerri Arazoetako Ministerioaren egoitzara bidaltzeaz; Harispe –jaiotzaz baigorritarra– heroia izan zen Napoleonen garaiko gerretan.

Kontrabandoa

Frantziako gobernuak gobernu liberalaren alde egin zuen, eta politikoki eta militarki lagundu zituen; hala ere, armak eta hornidurak karlisten eremura kontrabandoan pasatzeak garrantzi handia izan zuen bi gerra karlistetan. Espainiako liberalak behin eta berriz kexatu ziren ez zutelako behar beste zaintzen muga. Bestalde, zenbait kontrabandistak fama hartu zuten egindako ekintza gogoangarriak zirela-eta; besteak beste, Ganix de Macaye eta de Hauziart aipatu behar dira. Kontrabando-mota ezberdina egin zen lehenengo eta bigarren gerra karlistetan: 30eko hamarkadan, zuhurtziaz igarotzen zuten muga; 70eko urteetan, berriz, Baionako portutik egiten zuten kontrabandoa.

Erregegaien joan-etorriak

Karlos V.ak Auguet de Saint Silvainen laguntza izan zuen Londresetik ihes egin eta Frantzia zeharkatzeko. Bigarren emazte Beira printzesari, berriz, Ganich de Macayek lagundu zion muga pasatzen eta haren senarrarekin elkartzen. Karlos VII.ak, bestalde, Paul Laborderen, Marignango baroiaren eta beste zenbaiten laguntza izan zuen, Espainian sartu edo Frantzian babestu behar izan zuen guztietan.

Errefuxiatuak

1873ko apirilean, Courrier de Bayonnek 4.638 errefuxiatu zenbatu zituen Donibane Lohitzuneko kantoian. Urruñako populazioaren % 47 errefuxiatuak ziren, eta Biriatukoaren % 70. 1873ko apiriletik maiatzera, berriz, departamenduan 15.000 errefuxiatu zeudela kalkulatzen da.

Pirinio Atlantikoak atzera egiteko lurralde izan ziren gehienetan; hori dela-eta, errefuxiatuen bost olde handi iritsi ziren departamendura, garai hartako prentsan irakur daitekeen modura.

Egoitza-esleipenak

Karlistei Frantzia guztian esleitu zitzaien egoitza, mugatik urruntzeko. Aldi berean, dirulaguntzak ere ematen zizkieten; hala ere, askotan egiten zuten ihes esleitutako lekuetatik. Bergarako Hitzarmenaren ondoren, Karlosekin ihes egin zuten 6.000 karlistei (hala diote zifra ofizialek) honako gordetegi hauek esleitu zitzaizkien: Amiens, Mâcon, Cahors, Vendome, Angulema, Aurizberri, Arras, Paue, Tours, Montpellier, Bordele, Limoges, Perigueux, Langres, Chaumont eta Clermont-Ferrand. Karlos Bourgesen konfinatu zuten, eta, urte bete beranduago, Cabrera, Alzaa, Elío eta Balmaseda Lillen sartu zituzten.

 
Iparraldean ez zen karlisten emigrazioa soilik jaso, liberalak ere iritsi ziren. Hauek, Fernando VII.enak 1823an Angulemako dukearen laguntzaz botere absolutua berreskuratu zuenean, iritsi ziren Baionara. Garcia Alonso eta Garcia de Yslatarren kasua izan zen, baita Luzaideko Agirretarrena.


 

Espioitza

Espioi batzuek paper garrantzitsua izan zuten gerran, Ipar Euskal Herrian. Horien artean, Eugenio de Aviraneta aipatu behar da; izan ere, haren azpijokoen ondorioz, mesfidantza zabaldu zen Karlisten lerroan, Pio Barojak haren bizitza eleberri eran idaztean adierazi zuen bezala.

Muñagorri: Bakea eta Foruak

Garrantzitsua izan zen, baita ere, Baionan prestatu zuten Bakea eta Foruak proiektua; proiektu hura atzerriratuta zeuden zenbait euskal noblek egin zuten (Villafuertesko kondeak, besteak beste), eta Muñagorri izan zen buru. Ekimen hark porrot egin zuen, baina Bergarako Hitzarmenak hasitako itun-bidea sendotu zuen.