1870etik aurrera, aurrerapen teknikoei esker, tamaina handiko irudiak eman ahal izan ziren argitara, koloretan eta prezioz modu onean. Baina batez ere, adierazpen-askatasuna izan zen horren sustatzaile nagusia, nahiz eta artean eragozpen asko jasan behar izan zituen: alde batetik, umoreari esker, errazago saihesten ziren zentsuraren guraizeak, hauek ez baitziren hain zorrotzak umorearekin; bestetik, artean urruti zegoenez normalizazio polikoa, gero eta biziagoak ziren sistemaren eta gobernuen aurkako kritikak.
Alderdi eta joera politiko eta sozialak ugari ziren eta bakoitzak bere bilakaera izan zuen; argitalpenak tirada txikikoak ziren eta esparru geografiko urrikoak, eta izenez ere sarri aldatzen ziren zentsurari ihes egiteko. Ondorioz, ehunka aldizkari sortu eta desagertu zen. Batzuek zenbaki bakarra eman zuten argitara; beste asko urtetan bizi izan ziren izen desberdinekin; batzuk beste batzuen ondorioz edota beste batzuen aurka sortu ziren...edonola ere, piloa!
Sarritan, izenburuek eta azpitituluek oso ondo adierazten dituzte beren asmoak eta estiloa.