Hach Mohamed el Bagdadi izena hartu zuen (bere arabieraren ahoskera berezia disimulatzearren Bagdad hiritik zetorrela zioen) eta arabiarren modura jantzita, hiru urtez Magrebeko lurraldeak ezagutzeari ekin zion.
Denetarik egin zuen bidaian zehar, merkatari, erromes, ipuin kontalari eta petrikilo ere izan zen. Ofizio desberdin hauen bitartez europar bat sekula sartuko ez zen lekuetan egoteko aukera eskaini zion, Fez hiriko meskitan esaterako, Ipar Afrikako eguneroko bizitza sakonki ezagutuz. Bere amaren heriotzak 1865.ean etxeratzera behartu zuen.
Bere esperientziari buruzko liburua Bilbon 1868.ean argitaratu zuen: Recuerdos marroquíes del moro vizcaíno. Umore finez zipriztindutako testu zoragarria, marokoar gizartearen deskribapen sakon eta errespetuz betea eskaintzen du. Berak esana da, “noizbait aberria utzi eta asiloa eskatzera behartzen banaute, bila nazazue beraien artean”. Marokoar historia, etnografia eta soziologiari buruzko datu aberatsez hornitua dago bere lana.
1870-72 urteetan Bizkaiko aldun nagusia izan ostean eta euskaldunen arteko borrokak etsitua, berriro 1873.ean jo zuen Marokora. Honako honetan bidaia motxagoa izan zen, berriro ere arabiar jantziz ibili bazen ere urte hartan bertan itzuli baizen Bilbora. Karlistada gori-gori zegoen eta Bilboko defentsan bolondres modura ibili zen liberalekin.
Hirugarren bidaia prestatzen ari zenean, 1876.ean hil zen Jose Maria Murga, “Mairu bizkaitarra”.