Miquel Blay eskultorea "1839. Bergarako Besarkadaren aurrean: keinua eta interpretazioa" erakusketan

2016/07/07
Dakizuenez Zumalakarregi Museoan ikusgai duzuen "Bake Ituna" proiektuko ikerketa kasuan "Bergarako Besarkada" dugu gaitzat. Proiektu honek historia oinarritzat hartuz hausnarketa bat eskaintzea du helburu eta, horretarako, arte garaikidearen ispilua proposatzen du. Gurean, besteak beste, Miquel Blay eskultore kataluiniarraren presentzia aurki dezakezue.

Ormaiztegin ikusgai duzuen erakusketan "besarkada" keinua bihurtu dugu gai nagusia. Arteak eskaintzen dizkigun ereduen artean oso esanguratsua iruditu zaigu XX. mende hasieran Miquel Blay eskultoreak Alfonso XII.ari eskeinitako monumenturako egin zuen talde eskultorikoa, "Pakea" deitutakoa alegia.

 

Pakea Blay

Miquel Blay. "La Paz", Madrilgo "Retiro" parkean Alfonso XII.aren omenezko monumentuaren zatia.

Bertan karlista eta liberal baten arteko besarkada ikus daiteke, nahiz eta Alfonso XII.ak lortutako pakea garaipen militar batek inposatutakoa izan. Hau da, Bigarren Karlistadaren amaieran ez zen honelako besarkadarik eman, baina 30 urte beranduago egindako monumentuan besarkada honen sinbologia aproposa iruditu zitzaien.

 Casa Blay

Ramón Casas. "Miquel Blay". Museu Nacional d'Art de Catalunya.

Miquel Blay Oloten jaio zen 1866.ean. Parisen eta Erroman egin zituen ikasketak eta bere eskulturak errealismotik modernismorako bidea jorratu zuen. Arrakasta haundiko egilea, XX. mende hasieran Alfonso XII.aren monumenturako talde eskultoriko baten enkargua jaso zuen.

Blay Pakea

Gure erakusketan artelan honen maketaren bi argazki ditugu ikusgai, Ciudad Realgo bilduma pribatu batek utzitakoak, eskultore kataluinarraren lan prozesua islatzen dutenak.

Madrilgo Prado Museoak gela bat eskaini dio Blayri bere jaiotzaren 150.garren urteurrena ospatzeko helburuarekin.

 

Miquel Blay eskultorea "1839. Bergarako Besarkadaren aurrean: keinua eta interpretazioa" erakusketan

Miquel Blay. "La Paz"