Zumalakarregiri buruzko ikerketa berri bat "George Borrow Bulletin" aldizkarian
George Borrow 1803an Norfolken jaio zen. Aita militarra zuenez bere atzetik Erresuma Batua korritu zuen haurtzaroan eta ijituen lagun egin zen. Ikasketak Edinburgo eta Norwichen egin ostean ijituekin bizi izan zen beraien hizkuntza ikasiz. Buhameei buruzko zenbait liburu idatzi zituen, besteak beste, "The Zincali: an account of the gypsies in Spain“, Espainian pasa zituen lau urteetan ezagututakoei buruzkoa.
Buhameak Euskal Herrian. Irudiaren iturria.
Baina penintsulara beste asmo batekin etorri zen George Borrow . Biblia protestantea Espainiarren artean zabaltzera, hain zuzen, eta bere libururik famatuenean jaso zuen esperientzia gorabeheratsu hura, “The Bible in Spain: the journeys, adventures and imprisonments of an Englishman in an Attempt to Circulate the Scriptures in the Peninsula”. Gartzela ere ezagutu zuen bere lagunek “Jorgito el inglês” deitu zutenak. Gurean jaso genuen liburu honen kontakizun beldurgarrietako bat joan den urteko abuztuak 11ko sarreran.
George Borrow, Henry Wyndham Phillips-en erretratuan.
Euskal Herrira gerturatu ez bazen ere, gure arbasoei buruzko iritziak eskaini zizkigun. Baita hizkuntzari buruzkoak ere. Beretzat euskarak ez zuen garai hartan ezertarako balio. Euskaldun guztiek hitz egiten zuten gazteleraz edo frantsesez. Ez zegoen literaturarik euskaraz. Euskaraz idatzitako liburuak denak debozio papistakoak ziren eta, gehienak itzulpenak. Herri poesia bazegoen baina oso txarra. Herri kantaria zen euskalduna. Bertsotarako hizkuntza aparta zen, baina ez zen euskal poetarik ezagutzen.
Garaiko euskaldunak. Irudiaren iturria.
Iritzi gogor hauek, Susaren emailuetan kontsultagarri daudenak, ez zioten galarazi Madrilen zegoela Itun Berria euskaratu arazi eta argitaratzea: Evangelioa San Lucasen Guissan.El Evangelio según San Lucas. Traducido al vascuence. Madrid: Imprenta de la Compañía Tipográfica, 1838. Oteiza izeneko mediku batek itzulia, aitortzen du ez zela gehiegi fidatzen itzulpenaz, baina eskertzekoa da bere ahalegina. Maizago beharko genituzke honelako euskararen “etsaiak”.
Koldo Mitxelena liburutegiko Julio Urquijo bildumako alea.
Colm Kerrigan ikerlariak bere aldetik, Tomas Zumalakarregiri buruzko ikerketa argitaratu du “George Borrow Bulletin” aldizkariaren azken alean, nahiz eta abenturazale britainiarrak ez zuen militar euskalduna ezagutu. Irakurle britainiarrei Borrowek bizi izan zuen Espainia ulertarazteko asmoz, Lehenengo Karlistadari buruzko zenbait zertzelada eskaintzen dizkie Kerriganen lanak, "Tomás Zumalacárregui and the First Carlist War" izenburupean.