Zumalakarregi "La Caricature" aldizkarian
Umorea eta satira politikoa izugarri zabaldu ziren XIX. mendeko prentsan. Parisen argitaratu zen "La Caricature" dugu aitzindarietako bat.
Charles Philipon izan zen aldizkariaren sortzaile eta zuzendari 1839ra arte. Bere helburu nagusia Louis-Philippe I.aren erregetza bortizki kritikatzea izan zen eta honek, besteak beste, kartzelara bidali zuen sei hilabetez 1831ko azaroan.
Félix NADAR. "Charles Philipon".
Aldizkaria bera argitaratu gabe egon zen ia hiru urtez (1835-1838) Louis-Philippe I.aren legeek eragotzita. Baina horrek ez zuen bere errepublika zaletasuna eta monarkiaren aurkako kritika zorrotza murriztu.
Zenbaitzutan nazioarteko gaiak jorratzen zituen aldizkariak, beti ere bere kritika gordinei eutsiz. Hona hemen Lehenengo Karlistadan eragin zuzena izan zuen "Aliantza Laukoitzari" eskainitakoa.
BENJAMIN. "La Quadruple alliance". La Caricature nº 200. 1834ko irailak 4.
Irudian Frantzia, Louis-Philippe I.a., Espainia, Isabel II.a, Portugal, Maria II eta Erresuma Batua, William IV.a, Aita Santuaren aurrean hitzarmenari zin egiten.
Baina guretzat interesgarriena aldizkariaren 205. alean argitaratu zuten karikatura da.
BENJAMIN. "Grrrrrrandes Manoeuvres exécutées sur les Montagnes de la Biscaye, par les deux vaillantes armées de Rodil et de Zumalacarregui". [Bizkaiko Mendietan Rodil eta Zumalakarregiren armadek burutatako maniobra hauuuundiak].La Caricature nº 205. 1834ko urriak 9.
1834.go udazkeneko egoera adierazten du karikaturak, izan ere, uztailetik armada liberalen buru zen Jose Ramon Rodil, Euskal Herriratu berri zen Don Karlosen atzetik baizebilen, alperrik, harrapatu ezinik. Bere ezinaren ezaugarri abuztuan Arantzazuko komentuaren erreketa agindu izana, praile frantziskotarrei Don Karlosen ihesa erraztea leporatuz.
Egia esan, Parisen aldizkaria argitaratu zenerako gobernu liberalak Rodil Iparreko armadaren buruzagitzatik aldendua zuen, Espoz Mina naparrak ordezkatua.
Gure karikaturara itzulita, Zumalakarregik prailez eta apaiz armatuez betetako gurdia arrastaka daraman bitartean, Rodilek Isabel haurra darama Louis-Philippe errege frantsesaren laguntzaz, bien bideak sekula elkartzeko aukerarik gabe.