XIX. mendeko Goierri argazkitan
Martxoaren 21ean, Zumalakarregi museoak "XIX. mendeko Brunet bilduma (Argitaratu gabeko bailarako argazkirik zaharrenak)" izeneko aldi baterako erakusketa zabaldu zuen Lemniskata, Goierriko zientzia sare herrikoia elkartearekin lankidetzan. Erakusketan Goierri eskualdeko herrietako argazkirik zaharrenak ikusgai aurki daitezke.
Jose Brunet. Beasaingo labe garaiak. Errege Defentsako Markesaren Brunet bilduma.
Maiatzak 12an Martin Garcia erakusketaren komisarioaren hitzaldia dugu Ormaiztegin. Aspaldiko laguna dugu Martin museoan eta oraingoan Jose Brunet donostiarraren bilduma fotografikoa deskribatuko digu, 1860 eta 1890 bitartean egindako Goierriko argazkietan oinarrituz.
Jose Brunet argazkilari donostiarra.
Martin Garciak Brunet bilduma ikertu du eta argazki hauen ezaugarriak adierazteaz gain garaiko argazkigintzari buruzko xehetasunak eskainiko dizkigu. Izan ere, argazkiz inguratuta bizi garen garai honetan, asmatu berria zen argazkigintzaren lehen artista haiek bere lana burutzeko gainditu behar zituzten oztopoak irudikatzea zaila egiten zaigu.
Jean LAURENT. Montpensier dukearen familia. 1860. Zumalakarregi Museoa.
Zumalakarregi Museoaren bilduman ere baditugu garaiko argazkiak. Besteak beste, Bruneten garaian Espainian egon zen argazkilari profesional ezagunena dugun Jean Laurentenak.
Jean LAURENT. Martínez de la Rosa politikaria. 1860. ZM.
Laurent Frantzian jaio baina 1840ko hamarkadan Espainian kokatu zen eta 1856.ean argazki estudioa ireki zuenetik ogibide berri honen ordezkari nagusia bihurtu zen. Hasieran gure bilduman gordetzen ditugun erretratuak eginez garaiko pertsonai ospetsuenetik hasita.
J. LAURENT. Leopoldo O'Donell, militarra eta gobernuburua. 1860. ZM.
Handik aurrera erreportaiak egiten hasi zen eta Espainiako hiri eta herri nagusienen argazkiak egin eta salduz bizi izan zen.
Egun gurean daukagun aldi baterako erakusketaren argazkilaria Jose Brunet, aitzitik, baliabide berri honen zaletua besterik ez zen izan, baina gure inguruko irudi ederrak jaso zituen. Biharko hitzaldian Martin Garciak erakusketan agertzen diren irudiez gain beste hainbat erakutsiko dizkigu XIX. mendeko Goierri ezagutzeko aukera zabalduz. Hitzaldia gazteleraz izango da.
Anima zaitezte Zumalakarregi Museora etortzera!