XIX. mendeko eleganteak
Ormaiztegin kokatua dagoen Zumalakarregi Museoak “XIX. mendeko eleganteak” ekimena aurkezten du. Azaroan zehar gauzatuko den programazio zabal honek Ormaiztegiko ondare material eta immateriala balioan jartzea du helburu. Azoka, tailerrak, erakusketa eta bilkura bat izango dira programazioaren barnean.
Joan den urteko hitzordua, pandemia zela eta suspenditu ostean, aurtengo “XIX. mendeko eleganteak” ekimenaren VIII. edizioa bultzatze arren antolatu dugun programazio osoak janzkeraren gaia jorratuko du. Ormaiztegiko herriak XIX. mendera bidaiatzen duen aparteko jardunaldia da.
Azaroaren 6ean hasiera emango zaio. Zumalakarregi Museoa XIX.mendeko Eleganteen Bilkuran parte hartzeko gogoz dagoen ororen harrera espazio bilakatuko da. Garaiko jantzi eta osagarriak topatuko dituzte bertan, trukaketa gune ere izango da eta argazkiak zein bestelako baliabide ugari aurkituko dituzte bertan, interesa duten guztiek.
Batetik, Zumalakarregi Museoan probatzeko hainbat jantzi izateaz gain, trukaketak egin edota patroiak kontsultatzeko aukera emango duen azoka ospatuko da. Bestetik, “XIX. mendeko eleganteak: Jantzi eskuliburua”, duela bi mende jendea nola janzten zen adierazten duen museoak argitaratutako gida doan jasotzeko aukera izango da. Gainera Ormaiztegin aurreko urteetako gertakizun honen hainbat argazki ikusteko aukera ere izango da, garaiko musika entzuten den bitartean. Azkenik, goizeko 12:00tan eta arratsaldeko 17:00tan, garaiko jantzien ohiko osagarri diren kamafeoak egiteko tailerrak antolatu dira, adin guztientzako.
Aurten “XIX.mendeko Eleganteen Bilkura”-ren zortzigarren edizioa ospatuko da, festa giroa berreskuratzeko asmoz. Horretarako bilkura honetan parte hartu nahi duen guztiei zuzentzen diegu deialdi hau. Museoak aurrez antolatutako ekimen hauekin jendearen parte hartzea erraztu nahi du.
Famili tailerrak eta XIX.mendeko Eleganteen Bilkura.
Udalaren ondarea berreskuratzen jarraituz, azaroak 13 larunbatean “Bainuetxea imaginatzen dugu?” famili tailerra ospatuko da. Komikiaren hizkuntza erabiliz, parte hartzaile bakoitzak irudien bitartez bere istorioa osatuko du, desagertutako kultur ondare honi gerturatuz. Tailerra lagunduta etorri behar duten 6-12 urte bitarteko haurrei zuzendua da. Aurrez izena eman beharra dago. Haur bakoitzeko 3 € balio du.
Hilabete honetako programazioaren mugarri, “XIX.mendeko Eleganteen Bilkura”-ren zortzigarren edizioa ospatuko da hilak 20ean. Irizar S. Coop enpresak babestu eta Ormaiztegiko udalarekin elkarlanean antolatua. Goizean zehar photocall, “Ormaiztegiko bainuetxea” erakusketa, antzinako kotxeen erakustaldia eta txaranga. Eguerdian, Museoaren kanpo aldetik hasita eta txarangak lagundua, Ormaiztegiko bainuetxe zaharrerainoko eleganteen ibilaldia. Aurten, iturri ondoko ohiko argazkiaz gain, bigarren bat egingo dugu, Balu herriko artistak egin duen muralaren alboan. Programa osatzeko, Museoan arratsaldeko 17:00tan famili tailerra.
Aurtengo egutaraua deskargatu PDF