Xabier Erkizia gurean.

2022/02/25
"Pour Don Carlos" proiektuaren inguruan antolatu ditugun ekimen osagarrien barruan, datorren azteazkenean, martxoak 2, Xabier Erkizia artistarekin solasaldia izango dugu Zumalakarregi Museoan. "Zinema ez zen sekula mutua izan" izenburua jarri dio ekitaldiari.

"Pour Don Carlos" filma mutua zen. Hari honetatik tiraka otu zitzaigun zinema eta soinuaren inguruan hausnarketa bat egitea interesgarria litzatekeela filma honen alboko proiektuari bukaera emateko. Gure kolaboratzaileen artean, zalantzarik gabe, ildo honetan sakontzeko aproposena Xabier Erkizia soinu artista dugu. Museoarekin aspaldiko harremana du eta Berlingo zinema jaialdian sari bat jaso berri, Ormaiztegin berarekin solasteko parada izango dugu.

Xabier Erkizia

Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) ikerlaria, soinu artista eta ekoizlea da. Entzumenaren kulturaren arloan egiten du lan, ikerlari independente gisara nahiz erakunde, kolektibo edo artista ezberdin askorekin elkarlanean. Musika konposizioak, soinu paisaiari buruzko ikerketak, soinu instalazioak, irrati lanak eta filmetarako soinu diseinu lanak egin ohi ditu. ERTZ ekitaldiaren arduradunetako bat da (1999-2018), Arteleku zentroko soinu departamentua zuzendu zuen (2002-2014) eta hainbat erakusketa nahiz egitaraurentzako kuradore lanak egin ditu. Bere lanak Europa, Asia, Afrika eta Europako hainbat herrialdetan aurkeztu izan dira. Audiolab elkarteko kide da. 

Xabier Erkizia

Museoaren gonbidapena jaso zuenean, bere solasaldiak hartuko duen bidea adierazi zigun. Bere hitzetan: "Zinemaren Historia, hizki larriz, begizkoa da nagusiki. Nolabait, zinemari, hainbat mendetan zehar margolaritzak bizkar gainean izan zuen irudiarekiko ardura oinordetzan hartu zuela onartzen diogunean, ikusentzunezko medio bati buruz ari garela ahanzteko joera izan ohi dugu. Baina nahi izanik ere, ikusentzunezkoan hezi garenok nekez uler dezakegu mutua den zinemarik. Gehienez ere, isilak diren filmak beha ditzakegu eta ondorioz, zinema soilik begiradaren afera dela ulertzearekin nahikoa eta aski izan ohi dugu. Egia ordea, bertzelakoa da, ze, egiazki sekula ez da zinema muturik izan. Proiekzio orok egiten du soinu eta ikusle orok entzuten du, filmak soinu banda izan edo ez. Beharbada, zinema gorraren historia berrikusteko garaia iritsi da."

Musidora fotograma

 "Pour Don Carlos" filmaren fotograma.

Bestalde, Xabierrek aurkeztu berri du Madrilen bere lehenengo filma "O Gemer", garai bateko gurdien karrankaren inguruan garatzen ari den proiektu artistikoari lotua eta honen berri jasotzeko aukera izatea ere espero dugu.

Gurdia Oiartzunen

Musidoraren filmaren beste irudi bat.

Anima zaitezte Zumalakarregi Museoan ekimen honetan parte hartzera. Aurrez izen ematea gomendatzen dugu, parte hartzaile kopuru mugatua. Izen ematea posta elektronikoz eta telefonora deituz egin daiteke:

mzumalakarregi@gipuzkoa.eus

943 88 99 00 / 659 43 45 66

 

Xabier Erkizia gurean.

Xabier Erkizia