Victor Patricio Landaluze margolari kubatar euskalduna.

2023/08/22
Landaluze Bilbon jaio zen baina bere lan artistikoa Kuban garatu zuen. Politika kolonialaren defendatzaile, Kubako kritika artistikoak XIX. mendean bertako giroa hobekien jaso zuen margolari kostunbristatzat hartzen du.

XIX. mendeko prentsa argitalpenen artean guretzat interesgarrienetakoa den La Ilustración Española y Americana  aldizkarian hainbat aurkikuntza egin ditugu urteetan. Oraingoan Kuban jasotako irudi kostunbrista hauek topatu ditugu 1874.go iraileko ale batean. Egilea Euskal Herrian jaiotako margolaria izatea deigarria iruditu zaigu eta berari buruzko zertzelada batzuk eskaintzea erabaki dugu.

I.E.A. 1874ko iraila

Victor Patricio Landaluze Bilbon jaio zen 1830.ean. Antzerkigile, kazetari, marrazkigile eta margolari kostunbrista izan zen. Kubara 1850ean iritsi zen eta bere marrazkigintza eta litografia ezagutzekin laister hasi zen bertako prentsan lanean.

Federico Martínez. Landaluzeren erretratua

Federico Martínez Matos. “Retrato de Victor Patricio Landaluze”. Museo Nacional de BB.AA. de La Habana.

Ezagutzen dugun Landaluzeren lehen lana, La Habanan 1851.ean argitaratutako La invasión de Cárdenas argitalpena da.

Narciso Lopez jefe de los piratas

“Narciso Lopez Gefe de los piratas invasores (19 de mayo de 1850)”. Palau d’Anticuitats. Barcelona.

Lanak Landaluzek bizitako gertakizuna kontatzen du, Narciso Lopez militarrak Kubaren independentziaren alde egindako saioa. Lopez Lehenengo Karlistaldian ibilitako militarra zen, hain zuzen garai honetan Kubako Kapitain Jenerala zen Jose Gutierrez de la Concharen buruzagia izandakoa. Saio honen porrotaren ondoren La Habanan fusilarazi zuena.

Muerte de Carrasco

“Muerte heróica del lancero Carrasco”. Palau d’Anticuitats. Barcelona.

Margolari euskalduna Feliciano Carrasco lantzariaren heriotzaren lekuko izan zen. Gertakizunak hunkitu zuen eta geroztik uhartearen independentziaren aldeko mugimendu guztien aurka agertu zen. Koloniaren aldeko boluntarioen gorputzean koronela izatera iritsi zen.

Corte de caña

V.P. Landaluze. “Corte de caña”. Museo Nacional de BB.AA. de La Habana.

Bere Kubaren independentziaren aurkako jarrerak Juan Martínez Villergas kazetariarekin elkar lanera eraman zuen. Villergas, politikaria, poeta satirikoa, antzerkigile eta literatura kritikoa, Espainian eta Ameriketan sortu zituen aldizkariengatik ezagun egin zen, bertan zabaldu zituen kritika satiriko garratzen ondorioz. Elkarlana Kuban argitaratu zen lehen karikatura aldizkarian hasi zuten, «La Charanga» (1857-1860) izenekoan.

La Charanga

Honen ostean «El Moro Muza» (1859-1877) argitaratu zuten, hasieran literatura eta gizarte gaiei lotua, bigarren aroan izaera politikoagatik nabarmendu zen. Garaiko independentziaren aurkako aldizkari nagusia izan zen.

El moro muza.

Kubako egungo kritika artistikoak Landaluze kolonia garaiko La Habanako klase zapalduen irudia hobekien jaso zuen ilustratzailea izan zela nabarmentzen du, aurrez hainbatetan iraindu  bazituen ere. Nahiz eta Kubaren independentziaren aurkako jarrera politikoa mantendu, herrialdearen izaera islatzen onena izan zen.

Día de Reyes

 V.P. Landaluze. “Día de Reyes en La Habana”. Museo Nacional de BB.AA. de La Habana.

1881.ean Tipos y costumbres de la Isla de Cuba argitaratu zuen, XIX. mendeko kostunbrismo kubatarraren gailurra kontsideratua.

Tipos y costumbres

Landaluzeren lanetan ohikoena gizartearen irudi atsegin eta idealizatua jasotzea da.

La bollera

V.P. Landaluze. “La bollera”. Museo Nacional de BB.AA. de La Habana.

Hala ere, esklabuen egoera gogorra jasotzen zuten olioak ere egin zituen La Ilustración Española y Americana aldizkarian 1875ko irailean agertutako "El cimarrón" izenburukoa, besteak beste.

El cimarrón

 

Cimarrón

V.P. Landaluze. “El cimarrón”. Museo Nacional de BB.AA. de La Habana.

Victor Patricio Landaluzek karikaturagile, ilustratzaile eta margolari kostunbrista bezala bizitza oparoa izan zuen eta 1887ko ekainak 7an hil zen Guanabacoan. Egun, Kubako XIX. mendeko genero-margolan egile garrantzitsuena kontsideratzen da.

Cuatro generaciones

V.P. Landaluze. “Las cuatro generaciones”. Museo Nacional de BB.AA. de La Habana.

 

Victor Patricio Landaluze margolari kubatar euskalduna.

V.P. Landaluze. "Escena galante".