Urgullen magalean. Donostiako estanpak

2021/06/09
Aldi baterako erakusketa honen hainbat pieza aztertzen joango gara, Ormaiztegin dugun aukera aparta balioesteko. Izan ere, XIX. mendeko Donostiako estanpa ederrenak ikustea eskura dugu Ormaiztegin datorren urria bitartean.

Bidaiarien grabatuekin hasiko gara, erakusketaren kartelean agertzen den Taylor baroiaren “Saint Sebastien” estanparekin. Irudia erabat erromantikoa da, lehen planoan hainbat ahuntz agertzen dira jolasean eta Urgull mendiaren tamaina deigarria egiten zaigu.

 Taylor Saint Sebastien

Egilea, Isidore Justin Séverin Taylor, Angulemako dukeak zuzendutako San Luisen Ehun Mila Semeen espedizio militarrean etorri zen Euskal Herrira 1823.ean, d’Orsay jeneralaren laguntzaile modura. Ibilbide honetan jasotako irudiekin Voyage Pittoresque en Espagne, en Portugal et sur la Cote d´Afrique, de Tanger a Tétouan argitaratu zuen 1826.ean.

 Donostiako Santa Maria eliza

TAYLOR baroia. "Intérieur de l'eglise principale : a St. Sebastien." Koldo Mitxelena Kulturunea. Irudiaren iturria

Honela deskribatzen du hiria bere liburuan: "Donostia Gipuzkoako hiri nagusia da. Gune hondartsu batean eraikia dago, Urumearen bokalean. Urgull mendia atzean du.Hiriak eta mendiak batera lur mutur bat osatzen dute, Hernaniko bidetik begiratuta ozeano gainean flotatzen duen hiribildua bailitzan".

Taylor Hondarribia

TAYLOR baroia. “Embouchure de la Bidassoa.”. Euskal Itsas Museoa. Irudiaren iturria.

Frantzian hezitako Irlandar jatorriko belgiarra zen Taylorrek, liburu honetan Gipuzkoako zortzi grabatu eskaini zizkigun.

Taylor. Hondarribiko kale nagusia

TAYLOR baroia. “Rue principale de Fontarabie.”. San Telmo Museoa.

Taylor baroia frantziar XIX. mendeko arte munduan nabarmendu zen. Luxoreko obeliskoaren Frantziaratzearen arduraduna izan zen eta, Arte Eder ikuskatzaile modura, Luis Felipe erregeren "Galerie Espagnole" bildumaren sorreraz ere arduratu zen, Louvre Museoan.

Taylor. Pasaia

TAYLOR baroia. "Place de port des Passages". Koldo Mitxelena Kulturunea. Irudiaren iturria.

Frantziar erromantizismoaren argitalpen erraldoienaren egilea ere izan zen, Voyages pittoresques et romantiques dans l'ancienne France, 1820 eta 1878 bitartean agertutako Gericault, Isabey, Ingres edota Violet-le-Duc bezalako artisten litografiez hornitutako 24 liburuki.

Taylor. Tolosa

 TAYLOR baroia. "Tolosa". San Telmo Museoa.

Tolosako irudi eder pare bat ere utzi zizkigun egile erromantiko honek.

Taylor. Tolosa.

TAYLOR baroia. "Maison d’un hidalgo dans la grande rue de Tolosa". San Telmo Museoa.

Zatozte Zumalakarregi Museora eta ezagutu bertatik bertara Frantziako grabatu egile nagusienetako honek eta XIX. mendeko beste hainbat egileek garaiko Donostia nola irudikatu zuten.