"Urgullen magalean. Donostiako estanpak" erakusketa berriaren irekiera
Zumalakarregi Museoaren ibilbidean estanpa edo grabatuak oso garrantzitsuak izan dira. Argazkigintza zabaldu aurretik, irudi grafikoak grabatuen bitartez estanpatzen ziren paperean. XIX. mendeko irudi nagusiak teknika hauen bitartez jaso ziren eta garai honen iruditeriaren elementu nagusia dira. Bai gure bildumaren aberastasunagatik, baita hauen difusioan egin ditugun ahaleginengatik (“XIX. mendeko albuma”) esan dezakegu Zumalakarregi Museoa garai honetako arte grafikoaren erreferente bilakatu dena. Horregatik oso pozgarria da guretzat San Telmo Museoarekin elkarlanean antolatutako erakusketa hau gurean aurkeztea.
Donostia hiriaren irudia jasotzen duten estanpek oroimen grafiko interesgarria osatzen dute. Hauetako askotan Urgull mendia agertzen zaigu, hasieratik hiriari babesa eta indarra emateaz gain, izaera eta nortasuna eman diona. San Telmo Museoan eta Gipuzkoako Foru Aldundien bildumatan gordetzen diren grabatuen hautaketa honekin, Donostiaren historia zatiak ezagutu ditzakegu, aldi berean hiriaren itxuraren garapena balioetsiz.
Ormaiztegin, gainera, irudien eta paisaiaren inguruko hausnarketa egitera bideratzen gaituzten hainbat gehigarriz osatu dugu erakusketa. Aldi berean, hausnarketa horiek bideratzeko ekimen desberdin ugari antolatu ditugu.
Maiatzaren 13an ospatutako prentsaurrekoa Goierri Telebistako lagunek bildua: