Udalekuak Zumalakarregi Museoan
Santurtziko udaleku taldea izan dugu hilabetean zehar Zumalakarregi Museoan. Pasa den uztailaren 5ean, 12an eta 19an, 6 eta 12 urte bitarteko 251 haurrek Museoko bisita eta “Txapelak diseinatzen” tailerra egiteko aukera izan zuten . Bisitan, Eliot pertsonaia ezagutu eta berarekin, jolas baten bidez egin zuten ibilbidea. Txikienen egun pasa kultural honetan, Zumalakarregi Museoko sekretuak ezagutzeaz gain, Boinas Elosegi enpresaren txapelak probatu eta “TXAPELA… Noiztik?” aldi baterako erakusketa ere ikusi ahal izan zuten. Bestalde, tailer didaktikoan irudimena landu genuen. Haurrek punta-puntako moda diseinatzaile baten moduan, bere diseinuaren lehen bozetoa egin zuten paperean. Ondoren, paperean egindako diseinu azkar honi forma ematen saiatu ginen. Kolore, forma eta itxura ezberdineko konplementu ugari atera ziren tailer honetan. Guztiak ezberdin eta bereziak. Imajinazioari bide utzi eta dibertitzeko aukera bikaina!
Talde honi agur esan eta berriz ere topo egiteko datorren urtera arte itxaron beharko dugu. Mila esker!
Zumalakarregi Museoa udaleku eta aisialdi taldeekin bisitatzeko aukerak irekia jarraitzen du. Etorri eta ez galdu aukera!