"Txapela… Noiztik?" aldi baterako erakusketa zabaltzear Zumalakarregi Museoan.
Arestian gune honetan bertan izan zenuten "Nik ere txapela maite dut. Boinas Elosegi 1858-2018" Tolosan zabaldutako erakusketaren berri. Ildo berean Zumalakarregi Museoak, Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroarekin lankidetzan, antolatu du aldi baterako erakusketa hau.
Charles Frederick HENNINGSEN. "Carlist infantry officer". 1834. ZM.
Izan ere, nahiz eta askok txapela euskaldunei betidanik lotutako elementua izan zela pentsatu, benetan gure artean erabilera XIX. mendean zabaldu zen eta karlistadak oso paper garrantzitsua jokatu zuten horretan. Karlistek bereziki, baina baita euskal boluntario liberalek ere, txapela hautatu zuten beraien uniformeak osatzeko.
"Prudencio Arnao mikeletearen erretratua". c.1875. Gordailua.
Txapela fabrikaren 160. urteurrenak euskaldunen artean buruko honen erabilera noiz zabaldu zen aztertzeko aukera eskaini digu. XIX. mendean sortu zuen Antonio Elosegik txapela fabrika eta Tomas Zumalakarregiren eragina nabarmena izan zen bere erabilera zabaltzerakoan.
Adolphe BAYOT. "Zumalacarreguy". c. 1850. Bilduma pribatua.
Erakusketak euskaldunen artean txapelaren erabilera zabaldu zeneko fenomenoa aztertzeaz gain, “La Casualidad. Boinas Elosegui” txapel fabrikaren XIX. mendeko bilakaera ere adieraziko du, Tolosako enpresaren parte hartzeari eskerrak.
La Casualidad.Fábrica de boinas de D. Antonio Elosegui. Sinadura liburua. Tolosa, 1899. Boinas Elósegui bilduma.
Zatozte eta ezagutu ezazue euskaldunen sinbolo bihurtua den buruko honen zabalkundea.