Tolosako bataila, 1813.go ekainak 25
Napoleonen armadak Gasteizen 1813ko ekainean jasandako porrotak penintsula uztera behartu zuen. Oraindik gertatuko ziren beste borroka batzuk, Donostian eta Bidasoako mugan esaterako, baina ordurako europar potentziek espainiar penintsulan zuten istilu nagusia erabakita zegoen.
Gasteizko bataila. Irudiaren iturria
Dena den frantziar armada erretiratzen zen bitartean, zenbait borroka odoltsu gertatu ziren gurean. Hauen artean ekainak 25ean Tolosan emandakoa. Foy jeneral frantsesak, herriaren kokapen estrategikoa kontutan hartuz, izan ere Madril-Baionako bide nagusia Iruñara zihoanarekin gurutzatzen zen bertan, armada aliatua geldi arazten saiatu zen.
Tolosa bidegurutze garrantzitsua. Irudiaren iturria
Foy jeneralak 15.000 soldadu zeuzkan Tolosan, Graham britainiarrak, berriz 30.000, hauetatik bi heren espainiarrak, batzuk Longa bizkaitarraren agindupean, besteak Mendizabal gipuzkoarrarenean. Britainiarrak errepide nagusitik erasotzen zuen bitartean, Azpeititik zetorren Mendizabalek Albistur eta Hernialde zituen helburu, eta Longa Ibarra aldetik oldartu zitzaien. Egun osoko borroka odoltsu baten ostean, frantziarrak Andoain aldera erretiratu beharrean aurkitu ziren.
Armada frantziarra Andoain inguruan. Irudiaren iturria
Borroka haren oroigarri, Tolosako Andia kultur elkarteak datorren ekainak 3an, II Alarde Napoleonikoa antolatu du, Zumalakarregi Museoaren lankidetzarekin. Aurten gainera, joan den urtean ekimen honen bultzatzaile nagusienetakoa izan zen Antxon Bandres omenduko dute.
Tolosako alardea 2011.