San Martzialgo bataila
1813ko abuztuak 31.ean Donostiako suntsiketaz gain beste borroka garrantzitsu bat gertatu zen Bidasoako mugan. Soult mariskalak Donostian setiaturik zeuden frantsesak laguntzeko izugarrizko erasoa eman zuen Bidasoako mugan, 55.000 soldadu erabiliz. Parean Wellington britainiarrak, aliatuen buruzagi nagusiak, 16.000 gizon zituen oldarrari eusteko.
Frantziarren eraso nagusia Irungo San Martzialgo mendian eman zen, tropa espainiarrak defendatzen zuten esparruan. Tartean Gipuzkoako Bataloia, Jauregi “Artzaia”ren gerrilariek osatua eta bertan Tomas Zumalakarregi.
Frantziarren hiru eraso bortitz jasan ostean Aliatuek irabazi zuten borroka, bere kideek Donostia errausten zuten bitartean.
Tomas Zumalakarregik alboan ikus dezakezuen domina irabazi zuen San Martzialgo bataila honetan. Baita Jose Urangak ere. Azken honen domina Tolosako Aita Sakramentinoek egindako dohaintzan eskuratu ondoren, biak Zumalakarregi Museoan gordetzen dira.