San Luisen Ehun Mila Semeen sarrerak bi mende

2023/04/04
1823ko apirilak 7an gurutzatu zuen Bidasoa ibaia armada frantsesak Espainian indarrean zegoen proiektu liberalari amaiera emateko. Europako potentzia absolutistek Hirurteko liberala eredu txartzat zeukaten eta Fernando VII berriro errege absolutu bezala ezartzeko bidali zuten Angulemako dukeak zuzendutako armada.

Duela hamar urte, 2013an, Zumalakarregi Museoan San Luisen Ehun Mila Semeei buruzko erakusketa antolatu genuen. Hau izan zen Tomas Zumalakarregiren bizitzan armada frantsesak egin zuen hirugarren inbasioa. Baina aurreko bi inbasioetan frantsesek ideologia liberala zabaltzera sartu baziren, oraingoan absolutismoa berrezartzera etorri ziren.

Couché. BEM

L.F. COUCHÉ. "Passage de la Bidassoa". Baionako Euskal Museoa.

Horregatik militar ormaiztegiarrak soldadu frantsesei aurre egin beharrean beraiekin bildu eta kolaboratu zuen. Izan ere, ordurako gobernu liberalaren aurkako gerrilaren partaide zen Zumalakarregi.

Le Camus

Le CAMUS. “Passage de la Bidassoa : exécuté par l'Armée Française sous les ordres de S.A.R. le Duc d'Angouléme, le 7 Avril 1823”. Zumalakarregi Museoa. Irudiaren iturria.

Armada frantsesean etorritako soldadu batek, Clerjon de Champagny izenekoak, egun haietan gertatutako hainbat gertakizunen kontakizuna egin zuen Album d'un soldat pendant la campagne d'Espagne en 1823 liburuan. Aurrez aipatu izan dugu gune honetan.

Donostia Champagny

Clerjon de Champagny. "St.Sebastien". Zumalakarregi Museoa. Iturria.

Gaurkoan armada frantsesaren abangoardiak Donostiako neskak ezagututakoan gertatutakoa ekarri dugu Champagnyren hitzetan:

"Errekonozimendua itzuli zenean, haietako bat zen eta burua zapi batean bilduta zeukan ofizialorde bat ikusirik, gure jendeak liskarren bat jasan zutela uste izan genuen; inor ez zen falta zorigaiztoko ofizialordearen lau hortz izan ezik, Donostiako emakumeen forma atletikoak zorrotzago antzemateko, zaplazteko bat jasotzeko adina hurbildu baitzen, zeinak bere masailezurra tamainan aldaketa izugarriak egin baitzituen. Andre hauek gure gudarien aurrerapenak oso kortesia gutxirekin jaso zituzten; bertutea zen? Ia ez dut sinesten; festa gogoa? litekeena da. Esan didate, dena den, zale batek haiekin jokaera apur bat zintzoegia erabiltzen zuenean itsasora botatzeaz hitz egiten zutela; ondo egiteko gai dira hitzaren zentzu guztietan."

San Luisen Ehun Mila Semeen inbasioa ibilaldi militar bat izan zen Espainian zehar baina hainbat hirik liberalen eskutan jarraitu zuten. Donostiak honela sei hilabeteko setioa jasan zuen, oraindik hondamenditik hamar urte pasa gabe zituenean.

V. Adam Donostia 1823

Victor ADAM. "Vue de St. Sebastien : le 9 avril 1823 la garnison ayant fait une sortie fut culbutée et rejetée dans la ville, par la divison du Gal. Bourke". KMK. Iturria .

Badirudi, hala ere, Champagnyren testigantza jarraituz, Donostiako neskak garai hartarako nahikoa ahaldunduak zeudela.

 

San Luisen Ehun Mila Semeen sarrerak bi mende

Le CAMUS: "Vue de la pont de la Bidassoa".