Rodolfo SPRENGER, harresien ondorengo litografoa.

2021/09/02
Hiria hazten erakutsi ziguten irudigileen artean interesgarrienetakoa, zalantzarik gabe, Rodolfo Sprenger alemaniarra dugu. Donostian mende laurdena bizi izan zen eta garaiko hiriaren litografo ospetsuena bihurtu zen.

Aurreko sarreran Fidel Mugicaren Album de Guipuzcoa lana aipatzen genuen. Argitalpen honetako hainbat irudi ilustratzaile alemaniar batek eginak ziren, Rodolfo Sprenger.

Sprenger. Donostia

Rodolfo SPRENGER. “Vista de San Sebastián”. San Telmo Museoa. Donostia.

Aurrez gure bilduman eta, hain zuzen, erakusketa iraunkorrean, izenburu berdineko Sprengerren beste  litografia bat erakusten genuen.

Rodolfo Sprenger. S.S.

Rodolfo SPRENGER. “Vista de San Sebastián”. Zumalakarregi Museoa.

Guretzat oso egile maitea da, izan ere, Ormaiztegiko XIX. mendeko irudi ederrena berari zor diogu.

Sprenger. Ormaiztegi

Rodolfo SPRENGER. “Vista de Ormaiztegui”. Zumalakarregi Museoa. Iturria.

Fidel Mugicaren Album de Guipuzcoa argitalpenerako beste irudi batzuk ere egin zituen, besteak beste, Pasaiako hau.

Sprenger. Pasages

Rodolfo SPRENGER. “Vista de Pasages”. Euskal Itsas Museoa. Donostia.

Ez dakigu zehatz Rodolfo Sprenger noiz jarri zen gure artean bizitzen, baina 1872.ean irudi honen egile agertzen zaigu.

Rodolfo Sprenger. S.S.La partida

Rodolfo SPRENGER. “San Sebastián. La partida”. Bilduma pribatua.

Hurrengo urteko La Ilustración Española y Americana aldizkarian bere konposizio hau aurkitu dugu.

Sprenger. Loiola

Rodolfo SPRENGER. “Guipúzcoa. El convento de Loyola y sus cercanías”. Koldo Mitxelena Kulturunea. Donostia.

Badakigu 1875.ean Alemaniako kontsula hautatu zutela Donostian eta 24 urtez bete zuena egin behar hau. Bitartean hiriaren irudi asko egin zituen. Tartean abaniko izateko asmoz irudikatutako ikuspegi zoragarri hau.

Sprenger abanikoa

Rodolfo SPRENGER. “Playa de San Sebastián”. San Telmo Museoa. Donostia.

Francisco Lopez Alen, donostiar idazle eta margolari garaikideak dio euskara ere ikasi zuela Sprengerrek.
Badakigu hainbat Alemaniako enpresen ordezkari izan zela Donostian. Baita ilustrazioari lotutako lan desberdinak egin zituela ere.

Olazabal Sprenger

Jose Joaquin de OLAZABAL ARBELAIZ. “Carta topográfica de la provincia de Guipuzcoa” 1849. Sprengerrek 1881.ean zuzendu eta osatua. Koldo Mitxelena Kulturunea.

Sprengerrek mapa honetan egindako eguneratzea aztertzeko ariketa egin dugu Donostiako planoaren 1849ko bertsioa 1881koarekin parekatuz, bidebatez harresien desagerketaren eragina bistaratuz.

Olazabal 1849

Olazabal 1849.

Sprenger 1881

Sprenger 1881.

Olazabal irundarraren mapa eguneratzeaz gain hainbat liburu azal diseinatu zituen, Manterolaren olerki honena esaterako.

Jose Manterola Calderon

Jose MANTEROLA. Euskal Oroitza. Calderon. Recuerdo vasco. Donostia, 1881. KMK.

Hala nola, beste lan kartografikoen egile ere izan zen.

Rudolf Sprenger

Rudolf SPRENGER. “Plano del Abra y mitad inferior de la ría de Bilbao.” Bilbao, 1888.  Bizkaiako Foru Liburutegia.

Leipzig hiriko litografia batean egindako Bilboko itsasadarraren mapa honetan ere bere sinadura hau da: “Rudolf Sprenger. San Sebastian. Guipuzcoa”.
Badakigu Donostian 1886.ean antolatutako lehenengo margoen erakusketan ere parte hartu zuena, hainbat marrazki aurkeztuz. Baita mende bukaeran Donostia utzi eta Madrilera joan zena Alemaniako enbaxadan lan egitera. Bere lan asko ditugu oraindik aurkitzeke.
Zatoz Ormaiztegira eta ezagutu bere hiru litografia bikain “Urgullen magalean” aldi baterako erakusketan eta Zumalakarregi Museoko erakusketa iraunkorrean.

Rodolfo SPRENGER, harresien ondorengo litografoa.

Rodolfo Sprenger. "Vista de Ormaiztegui". Xehetasuna.