"Rif 1923. Eustaquio Berriochoa Elgarrestaren argazkiak."
XX. mende hasieran europearrak Afrikan egindako banaketan Espainiari zegokion protektoratuan kokatua, egun Marokoren iparraldeko eskualdea da Rif, amazigen lurraldea. Aurrez amazigen altxamenduak egon ziren baina Rifeko gerra 1911tik 1927ra bitartean luzatu zen. Espainiar armadarentzat izugarrizko odolustea suposatu zuen gatazka honek.
Rifen zaurituak ospitale bihurtutako Kursaal Kasinoan, Donostian. 1922. Kutxateka. Photo Carte. Ricardo Martín.
Eustaquio Berriotxoa Elgarresta Urretxun 1899 jaiotako ingeniaria zen, dirudienez 1923.ean espainiar armadarentzat lurraldea kartografiatzera Rifera bidalitakoa. Duela bost urte berak ibilbide horretan egindako argazkiak agertu dira eta horien hautaketa bat eskaintzen dugu orain, Urretxuko udalari eskerrak, Zumalakarregi Museoan.
Eustaquio Berriotxoa lanean. Eustaquio Berriotxoa bilduma. Urretxuko udala.
Berriotxoak bere lankideak jasotzen ditu argazki batzuetan, lanean eta aisialdian. Besteetan berriz amazigen gertuko ikuspegia eskaintzen digu, garaian etsaiak zirenen ohiko irudi manipulatuaz urrun.
Dar el Quebdani. Irin saltzaileak. Eustaquio Berriotxoaren argazkia. Urretxuko udala.
Annualgo porrotaren ostean egindako argazkiak izan arren, alegia, espainiar armadak 10.000tik gora hildako jasan eta Abd-el-Krim amazigen buruzagiak Rifeko Errepublika aldarrikatu ondoren, Berriotxoaren argazkiek amazigekiko gertutasuna adierazten dute.
Taount. Bizargina. Eustaquio Berriotxoaren argazkia. Urretxuko udala.
Erakusketa honetan gainera Zumalakarregi Museoan aurrez landu genuen Afrikako gerrari buruzko erreferentziak ere aurkituko dituzue. Izan ere 1859-1860 urteetan, euskaldunak marokoarren aurka borrokatu zuten Foru Aldundiek sortutako Euskal Tertzioetan. Mende erdi beranduago berriro bidali zituzten gazteak lurralde haiek menperatzera.
C. MUGICA. "Batalla del 23 de marzo de 1860". San Telmo Museoa.
Azkenik, erakusketa osatzeko garaiko beste argazkilarien lanak ere aurkezten ditugu, Berriotxoaren ibilbideari gerra kolonialaren testuingurua eskaintzeko asmoz.
Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu Urretxuko Udalari eta Ahmed Zaidani, Marokoko historian adituari, proiektu honetan egindako lankidetzagatik.
Anima zaitezte aldi baterako erakusketa berri hau ikustera Zumalakarregi Museora inguratzera.