Ricardo Balaca, Bigarren Karlistadako margolaria
Lisboan jaio zen 1844.ean bere familia erbesteratua zegoenean. Aita, Jose, eta anaia, Eduardo, ere margolariak izan ziren. Familiaren tailerrean trebatu zen, gero San Fernando Akademian pintura ikasketak burutuz. Garaiko pinturaren erakustoki nagusia ziren “Exposición Nacional de Bellas Artes”-en lehenengo aldiz 13 urte zituela parte hartu zuen, 2. klaseko ohorezko aipamena jasoz.
Erromantizismoaren eremuko pintura generoak landu zituen, kostunbrismoa eta erretratuak bereziki. San Telmo Museoak bere zaldi gaineko autoerretratua gordetzen du. Bilboko Arte Ederren Museoak, berriz, lau irudi kostunbrista, tartean alboan doan hau:
"El café". Bilboko Arte Ederren Museoa.
Gerra irudiak ere landu zituen eta Bigarren Karlistadan “La Ilustración Española y Americana” aldizkariaren korrespontsala izan zen. Bertan argitaratu zituen gatazka honen erreferente bihurtu diren zenbait irudi zoragarri.
"Gerra zibila. Boluntario karlistak." Irudiaren iturria
"Soldadu espainiarra." Irudiaren iturria.
Gurean lan hauen eredu ugari kontsulta daitezke.
"Lutxanako soldaduak San Migeleko zubia zaintzen, Beran". Irudiaren iturria
Borroka bukatzear zela, Gerra Ministerioak gatazkari buruzko zenbait olio egiteko agindua jarri zion. Berari zor diogu karlisten azken garaipenaren irudi hau, Donostia inguruan gertatutako Mendizorrotzeko akzioarena, alegia.
"Mendizorrotzeko batailaren gertakaria, 1876ko urtarrilak 29". Irudiaren iturria
Gazterik hil zen, 35 urte zituela, bere Aravacako etxean.