Pedro G. Romeroren erakusketa Zumalakarregi Museoan.
Aurreko sarrera batean aipatu genuenez Ormaiztegiko museoaren eta artista honen harremana aspalditik dator.
Artista "1823. San Luisen Ehun Mila Semeak: Gaur egungo kontaketa" erakusketaren muntaian.
Pedro G. Romero Zumalakarregi Museoan lanean ari zen jada Arte Plastikoen 2024ko Sari Nazionala jaso zuenean, "bere lan artistiko, intelektual eta materialak itxuraz kontrajarriak diren zentzu eta formatuak (eskultura, zinema, produkzio artxibistikoak, performanceak, etab.) biltzen dituen ibilbide finkatuagatik, bere zeregin artistikoan praktika kuratorialak eta ikerkuntzakoak integratuz”.
Artista joan den udan Ormaiztegin gure artxiboa lantzen.
Guretzat benetako pribilegioa da artistak bere lana Zumalakarregi Museoan "Scénario" proiektuaren barruan sartu izana. Proiektu horretan dagoeneko beste testuinguru batzuk aztertu ditu, hala nola Palmako Es Baluarderako Balear irletako argazki eta zinema-artxiboak, Aberdeengo (Eskozia) The Worm galeriarako irudi-artxiboak edo Coimbrako (Portugal) Unibertsitateko Joanina Liburutegiko artxiboa, Apirilaren 25eko Dokumentazio Zentrorako.
Trichon. La Fille du bandit: scènes et moeurs de l'Espagne contemporaine par Alex. de Lamothe. Paris, 1875. ZM.
Bere lana, kasu honetan, balizko film baten gidoiaren zirriborroa egitea da. Horretarako, artxiboan aurkitzen dituen materialak erabiltzen ditu oinarri gisa.
Artista gure artxiboan.
Artistak urteak daramatza irudikapen-espazio bat kendu zitzaien komunitateen adierazpen estetiko eta sinbolikoak ikertzen. Metodologia hori, besteak beste, ijitoei, mercheroei edo flamenkoei aplikatu die gure lurraldean.
José Vallejo. María la hija del jornalero Wenceslao Ayguals de Izcorena. Madrid, 1845. ZM
Gonbidatuak zaudete "Scénario. Zorraren z" aldi baterako erakusketa bisitatzera datorren otsailak 21etik ekainaren 1ra bitartean Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan.