Pastoralari buruzko kafe-tertulia Ormaiztegin
Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien goiburua "Ondarea plazara" dugu. Zumalakarregi Museoak duela 30 urte Ormaiztegin antzeztutako pastorala hartu du gaitzat, goiburuaren ideia ezin hobe betetzen duelakoan. Izan ere, pastorala euskal ondarearen harri bitxietakoa dugu eta antzespen hura Goierrin kultur gertakizun garrantzitsua izan zen.
Duela 30 urte ezohikoa zen pastorala Zuberoatik kanpo ikustea. Altzai eta Lakarri herriak bildu ziren 1989.ean "Zumalakarregi" pastorala burutzeko. Testua Junes Casenavek idatzi zuen eta "ahaideak" Niko Etxartek. Ormaiztegiko udalak eta bertako hainbat eragilek pastorala Goierrin aurkeztea interesgarria zela pentsatu zuten eta baita antzespena antolatu ere.
Orduan antolakuntzan parte hartutako hainbat herritar eta Zuberoatik Niko Etxart musikaria, Allande Boutin kazetaria eta Patrick Queheille pastoral egile eta zuzendaria gonbidatu ditugu, mahai baten inguruan solasaldia burutzeko. Duela 30 urte gertatutakoak oroitu eta, egun, pastoralaren egoera aztertzea da bileraren xedea.
Hitzordua Ormaiztegiko Kultur etxean datorren larunbatean, urriak 26, goizeko 11:00etan. Anima zaitezte!