Patri Urkizu joan zaigu.

2024/12/19
Atzo, abenduak 18, zendu zen Patri Urkizu ikerlari eta idazlea. Zumalakarregi Museoarekin hasieratik izan zuen harremana guretzat oparia izan zen. Hemendik gure omenaldi xumea Lezoko intelektualari.

Museoaren lehenengo argitalpenean, Azterketa Historikoak 1, argitaratu genuen bere lan bat  “Zumalakarregi euskal literaturan”. Bertan zazpi euskal idazleen ormaiztegiarrari buruzko bertso eta aipamenak eskaini zizkigun.

Geroztik hainbatetan jo dugu beregana, bere euskal gaiei buruzko jakinduria ustiatzeko, izan ere, eskuzabala genuen Patri, informazioa zabaltzeko beti prest.

Patri Urkizu ZMn

Patri Urkizu Agosti Xahori buruzko informazioa eskaintzen Zumalakarregi Museoan.

Duela bost urte museoak, Nevadako Unibertsitatearekin elkar lanean, Agosti Xahoren karlistaldiei buruzko idatziak argitaratzera gindoazenean, Patriri eskatu genion idazle zuberotarrari buruzko sarrera lantzea. Argitalpena Escritos sobre la Primera Guerra Carlista: Palabras de un vasco. Viaje a Navarra, izan zen eta bertan argitzen duen anekdota esanguratsu bat ekarri nahi nuke hona, Urkizuren ikerlari sena balioetsi eta adierazten duena.

Urkizu ZMn

Patri gurean, 2019ko maiatzean.

Xahoren Voyage en Navarre liburuaren lehenengo edizioan, Parisen 1836.ean argitaratutakoan, Adolphe Bayot irudigilearen hiru grabatu agertzen dira. Tomas Zumalakarregiren erretratua, neska bat agertzen duena, “Basquaise” eta gizonezko bat irudikatzen duena “Navarrais”, azken hau askotan Xaho beraren erretratutzat hartu izan dena.

Adolphe Bayot. Navarrais

Adolphe BAYOT. "Navarrais". Paris, 1836. Iturria.

Ba, Patri Urkizuk argitu zigun, irudian agertzen dena Abbadie zela eta ez Xaho. Urkizuk, zuberotarrak irlandarrari 1836ko martxoan bidalitako gutunean aurkitu zuen erreferentzia eta guretzat prestatutako testuan adierazi zuen. Xaho eta Antoine d’Abbadieren arteko korrespondentzia sakonki aztertua zuela adierazten digu honek eta Patriren erudizioaren lagin bat eskaintzen digu.

Patri Urkizu Ormaiztegin

Patri Xahoren liburua aurkeztu ostean.

Lurra arin bekizu, Patri.

Patri Urkizu joan zaigu.

Patri Urkizu Zumalakarregi Museoan