Pankrazia Ollo Mata
Maria Pankrazia Ollo Mata 1798an jaio zen Iruñean.
Frantzisko Ollo Erro, elizako kuriako idazkaria eta Maria Isabel Mata Oteizaren alaba zen. Pankraziaren amaren familia Carcar-ekoa zen.
Bi ahizpa eta hiru anai zituen, Pankrazia bigarrena izanik: Damasa Joakina, Antero Jose Maria, Maria Angela Ildefonsa Timotea, Joakin Mateo Mauricio eta Cirilo Joakin.
Joakin Mateo Mauricio (Joakin), bere anai gaztea, pertsona garrantzitsua izango da bere bizitzan zehar. Cirilo, anai gazteena, berriz, Tomas Zumalakarregirentzako.
Iruña. Iturria
1804an, Pankraziak 6 urte zituela, bere aitaren ikasle berezi bat ezagutzen du, Tomas Zumalakarregi Imaz ormaiztegiarra. Tomas-ek, 16 urte zituela, eskribaua izateko asmoa zuen, bere aita Frantzisko Zumalakarregi Mugika eredutzat izanik.
1820an, Pankraziak 22 urte zituela, Tomasekin ezkondu zen Iruñeko San Migel parrokian. Une horretan hasi zen Pankraziak aurre egin behar izan zion bizitza konplexua.
San Migel parrokia
Bikotearen ohiko etxebizitza Iruñean zegoen arren, Pankraziak senarrarekin batera mugitu behar izan zuen destino militar ezberdinetara: Huesca, Toledo, Soria, Zaragoza, Valentzia, Madril eta Ferrol.
Toledo. Iturria: Le Tour du Monde
Madril. Iturria: Le Tour du Monde
Bikoteak lau alaba izan zituen: Maria Concepcion, Ignazia, Josefa eta Mikaela.
1824an Maria Concepcion jaio zen baina haurtxo bat besterik ez zenean hil zen. Ignazia gurasoak Sorian zeuden bitartean jaio zen. Josefa, berriz, Valentzian jaio zen.
Valentzia. Iturria: Le Tour du Monde
1833an Mikaela, bikotearen alabarik gazteena, jaio zen Iruñean.
Pankrazia eta Tomasen Iruñeako etxebizitza. Mikaelaren jaiotetxea
1833ko urriaren 2an, Mikaelak 5 hilabete besterik ez zituenean, Lehenengo Karlistaldia piztu zen, Tomas Zumalakarregi karlismoaren jenerala izanik. Pankraziak bere senarra agurtu behar izan zuen gerrara zihoalako. Pankraziaren anai gazteena, Cirilo, Tomasekin joan zen gerrara eta haren ondoan egon zen Tomas hil arte.
Liberalak joan ziren Pankraziarengana eta haren alabetara, karlismoaren buruzagiaren zuzeneko familia baitziren. Horrela, 4 emakume horiek beren etsaiari presioa egiteko erabili zituzten.
1834ko maiatzen, liberalek Pankraziari bere urtebeteko alabatxoa kendu zioten Iruñeko inklusara eramateko Felizia Munuce inudearekin, gero Pankrazia, Ignacia eta Josefa Agustindarren errekoletoen klausurako komentuan giltzapetuz.
Iruñako inklusa
Agustindarren errekoletoen klausurako komentua
Pankrazia bere alaba zaharrenekin batera askatu zutenean, Frantziara erbestera behartsu joan behar izan zuten, liberalek ondasun guztiak kendu baitzizkioten. Mikaela gabe joan behar izan zuen, liberalek gatibu baitzuten.
Tomasek, bere gerrako etsaia Frantzisko Espoz y Mina liberal buruzagiari idatzi zion Mikaela bere amarekin Frantziara joaten uzteko eskatuz. Espoz y Minak karlistaren proposamena onartu zuen neskatoa askatuz.
Mikaela eta Felizia Idiazabelara eraman zituzten Maria Ignazia Zumalakarregi Imaz-en etxera. Hura Mikaelaren izeba zen, Tomas Zumalakarregiren arreba zaharrenetako bat baitzen.
Tomas Zumalakarregi eta Francisco Espoz y Minaren arteko korrespondentzia Angela Morenok argitaratu zuen "Porque hoy puede ser ayer. Micaelita maitia" liburuan eta 2. eranskineko 7. eta 8. orrialdean irakur daiteke.
"Porque hoy puede ser ayer. Micaelita maitia" liburuaren azala
Urte askotan zehar, Pankrazia Bordeaux-en bizi izan zen bere alaba nagusiekin eta bere anaia Joakin Ollorekin.
Bordeaux. Iturria: Le Tour du Monde
"Joakin beti egon zen bere arreba eta koinatuarengandik hurbil; garai batean eraikin berean bizi izan ziren, baina pisu desberdinetan. Tomasek armada karlistaren agintea hartu zuenean, aurkariek Pankrazia atxilotu zuten errepresalian; une horretan, Joakin bere etxera eraman eta haien gauzak behar bezala biltzera behartu zuten, militarraren ondasun guztiak konfiskatzeko agindua eman baitzen. Ondoren, Joakinek agintariei eman behar izan zizkien, nahiz eta bauleren bat espoliaziotik salbatu zen" Maria Rosario Lopez Oscoz "Legado de Cárcar"
Joakinek erreskatatu zuen Pankrazia eta Tomasen kutxa, gaur egun Museoaren erakusketa iraunkorraren parte dena
Karlisten aldeko batzuek bidalitako limosnarekin biziraun zuen isekak eta irainak jasaten zituen bitartean. Hala ere, Pankrazia Ollo emakume indartsu eta borrokalaritzat hartzen zen, eta jenerala ezizenarekin ere ezagutzen zuten.
1835ko ekainean, Tomas zauritua izan zen Bilbon. Bikoteak egunak eman zituen senarrarekin korrespondentzia trukatzen, bala-zauriak nola utzi zuen kontatuz. Tomasek Cirilo Olloren laguntzarekin idazten zuen. Azkenean, Pankraziak Tomas Zumalakarregiren heriotzaren berri jaso zuen, Carlos Vargas militar karlistaren bitartez
Karlos Vargasen gutuna Pankraziarentzako
Maria Teresa Gabarain Arangurenek "Correspondencia de Zumalacárregui en el Fondo Marqués de las Hormazas" liburuan argitaratutako gutunaren transkripzioa
Cirilo Ollok, Tomasekin zihoan Pankraziaren anaia txikiak, gutun bat idatzi zion ahizpari 1835eko uztailaren hasieran hil zela esanez.
Maria Teresa Gabarain Arangurenek "Correspondencia de Zumalacárregui en el Fondo Marqués de las Hormazas" liburuan argitaratutako gutunaren transkripzioa
Cirilok Mikaela aipatzen du gutunean, Idiazabalgo Maria Ignazia Zumalakarregi Imaz izebarekin jarraitzen duela aditzera emanez. Pankraziak bere anaia Cirilorekin izan zuen korrespondentzia dela eta, "Correspondencia de Zumalacárregui en el Fondo Marqués de las Hormazas" lanean ere argitaratua, badakigu Mikaela Idiazabalen egon zela 1835eko urrira arte. Korrespondentzian, Cirilok Pankraziari kontatzen dio Maria Ignazia eta Micaelita berarekin daudela Lizarran, Segura eta Idiazabal astintzen zituen baztangatik ihesi.
Bitartean, Pankraziak Libournen, Frantzian, erbesteratuta jarraitzen zuen Ignazia, Josefa eta Joakinekin.
Libourne, Frantzia
1839n, gerra amaituta, Pankrazia eta familia Tolosara joateko aukera izan zuten Frantzisko Antonio Legorburu apaizari esker.
Tolosa. Iturria
1851an, Josefa, Pankraziaren bigarren alaba, hiltzen da gaixorik zegoelako eta 1852an Ignazia, alabarik zaharrena. Biak 30 urte baino gutxiagorekin hil ziren. Mikaela da bizirik dirauen alaba bakarra, beraz, dukesa eta kondesa tituluaren oinordekoa.
Bizenta Mikaela Zumalakarregi Olloren irudia
Azkenik, Pankrazia Gasteizera joan zen Mikaelarekin Joakinen etxera.
Gasteiz. Iturria
Bertan 1865eko martxoaren 8an hil zen, 67 urte zituela. Bere hilobia bisita daiteke Gasteizko Santa Isabel hilerrian.
Pankraziaren eskela
Tomasek hartutako erabakien isla zen Pankraziaren bizitza. Nolakoa izango zen bere bizitza Tomas Zumalakarregi ezagutu izan ez balu?
Pasa den ostiraleko Goiberriko "Ba al zenekien?" atalean Pankrazia ezagutzeko aukera eskaini genuen.
Zumalakarregi museoan publiko ezberdinentzako bisitak antolatzen ditugu Pankrazia protagonista izanik: "Emakumeak plazara" talde helduentzako bisita eta "Emakumeak Zumalakarregi museoan" familientzako bisita. Bisita hauetakoren bat egin nahi izanez gero jar zaitez gurekin harremanetan.
Pankrazia "Emakumeak plazara" ibilbidean
Cesar Orozek "Carliscaturas: Umorea lubaki gisa" erakusketarako egin duen karikatura bertsioa ere ikus daiteke. Erakusketa Ormaiztegiko museoan egongo da abenduaren 30era arte.