Duela 85 urte Ormaiztegiko trenzubia berrinauguratu zen.

2022/01/31
Francoren tropen aurreratzea ekiditeko Ormaiztegiko trenzubiaren eraisketaren ostean, Mola jeneralak 1937ko otsailak lehenean berrinauguratu zuen. Urteurren honek Zumalakarregi Museoak irisgarritasunaren aldeko bidean martxan duen proiektu berriari buruz hitzegiteko aukera ematen digu.

SPRENGER, Rodolfo. “Vista de Ormaiztegi”. 1870

Ormaiztegiko trenzubia, 1864ko abuztuaren 15ean inauguratua, Madrid-Paris trenbideko obrarik garrantzitsuena da. Gustave Eiffelen aurrekari batek diseinatua, Alexander Lavalley (1821-1892) injinariak, Ormaiztegi herrian zehar igarotzen den Eztanda ibaiaren harana zeharkatzeko egina. Laminatutako burdin egitura da, errematxekin lotuta eta harlanduz estalitako lau pilarek eusten dutena, 289 m-ko luzera eta 34 m-ko gehiengo altuera duena. Zubi zabal, eroso, arin eta oso segurua. Benetako maisu-lana, burdina erabiliz, orduan eraikuntza material berria eta iraultzailea zena. 

Norteko Ferrokarrilaren linearen zati izanik, Madril eta Paris tren bidez lotu ziren eta gure historiaren nondik-norakoak aldatu zituen. Balio estrategiko ikaragarria izanik, gerrak izan ditu etsai nagusi.

Ormaiztegiko trenzubia apurtuta

 Fototeka Kutxa

1936ko Gerra Zibilean, Bergarako Labe Garaietako langileek zubia sopletez moztu zuten, tropa frankisten etorrera galerazteko asmoz. Ormaiztegiko hilerriaren paretaren aurka fusilatu zituzten bertan ibilitako hiru langile.

1937ko otsailaren 1ean inauguratu zen Ormaiztegiko tren-zubia egun ezagutzen dugun itxurarekin. Mola jeneral ospetsua eta beste izen handi batzuen presentziarekin. 

viaducto de Ormaiztegi con los pilares de cemento armado

Behin-behinekoz 1941ean amaitu zituzten obra guztiak hirugarren habe nagusia eraikitzean zubiaren bide bikoitzeko zerbitzua irekiz.  XIX. mendeko diseinu originalari, zementu armatuzko hanka berri batzuk gehitu zitzaizkion. Lavalley arkitektoak eginiko lehen diseinuarekin apurtzen badu ere, hau da Ormaiztegiko trenzubi handi honen historia osotasunean kontatzen duen itxura. Eta horrexegatik beragatik, hau izango da 1x100 eskalan maketatuko duguna.

Pasa den azaroaren 11ean sinatu genuen hitzarmena Goierriko Eskolak, Ormaiztegiko Udalak eta Zumalakarregi Museoak. Ordutik proiektuak aurrera jarraitu du hainbat saioetan.

Lehenengo pausua, ikasleei trenzubia eta honen inguruko ondare eta historia guztia azaltzea izan zen, bertatik bertarako bisita barne. Honekin ikasgelan buru belarri hasi ziren 3D-ko planoak eginez Ormaiztegiko Udalak erraztutako plano originalak abiapuntu.

Goierri eskolako ikasleak Zumalakarregi Museoan

Proiektu honen helburua trenzubia modu irisgarrian aurkeztea da. Horregatik, Begiris elkartearekin (Gipuzkoako itsu edo ikuspen urritasuna duten pertsonen inklusioa sustatzeko elkartea) lan egiten dugu. Joan den abenduan Joxean Txintxurreta eta Ramoni Jauregi -elkarte horretako ordezkariak- Goierri eskolara hurbildu ziren eta egiten duten lana aurkezteaz gain maketaren diseinuan aholkuak eman zizkiguten.

Begiris elkarteko bi kide goierri eskolako ikasgelan

Trenzubiaren neurriak, eskala, itxura eta beharrak aztertuta, maketaren aurkezpena pentsatzen hasteko garaia. Honela, Iñaki Mezkita maketistarekin elkartu ginen. Berak trenzubia kokatua dagoen bailara eraikitzeko aukerak eta moduak aurkeztu zizkien. Honekin ere, aldaketa txikiak jasan zituen proiektuak.

Iñaki Mezkitaren bisita Goierri eskolako ikasgelara

Egun, proiektuaren zatirik automatikoenean gaude. Ikasleek eginiko lana makinari igorri eta honek 17 egunez 24 orduz lanean dabilki. Goierriko batxilergoko ikasleek ikasturtea amaitu aurretik osatuko dute gure eskaera. Honekin dena den ez dira lanak amaituko, musealizazioa faltako zaio, museoan aurkeztuko den espazioaren prestaketa eta irisgarriak diren azalpen eta seinaletika.

3D inpresioan eginiko trenzubiaren zati bat

Elkar lan eta formakuntza prozesu disziplina anitzeko eta multilinial hau, noski, erabat berritzailea izan da dagoeneko bertan batu diren entitate eta pertsonengatik. Ikasleek proiektu honetan egiazko bezero bat eduki dute, eta ez edonolako bezeroa gainera. Eta museoak perfil bati bideratutako produktua aurkeztu aurretik, hauek prozesuaren parte egin eta beraiek laguntzat aurrera eraman du proiektua. 

 

 

*Iturria: Ormaiztegi 1860-1970 liburua.

 

Duela 85 urte Ormaiztegiko trenzubia berrinauguratu zen.

Mola jenerala trenzubiaren berinaugurazioan