Ordiziako setioa.
Zumalakarregik 1835.eko apirila bukaeran Valdes jeneral liberala Ameskoan menperatu ostean karlistek sekulako aurrerapena izan zuten menperatzen zituzten lurraldeetan. Liberalak Lizarra utzi eta Iruñan babestu ziren. Bitartean ormaiztegiarraren tropek Gipuzkoan barna aurrera jo zuten.
Charles VANZELLER. "Cavalry of the province of Guipuscoa". Iturria.
Goierri aldeko liberalak Ordizian babestu ziren eta maiatzak 25.ean Zumalakarregik hiribilduaren setioari hasiera eman zion. Ordiziaren defentsa goarnizioko 300 soldaduk eta beste hainbeste “urbano” edo boluntario liberalek osatzen zuten. Zumalakarregik Nafarroa eta Gipuzkoako batailoiak eta 9 kanoi zituen erasorako.
SAYNZ. Zumalakarregi artilleria zuzentzen. Iturria.
Setioaren zazpigarren egunean harresia zulatu zuten karlistek eta Zumalakarregik erasoa agindu zuen. Gipuzkoako lehenengo batailoiaren erasoak porrot egin zuen eta defendatzaile liberalek harresia berriro ixtea lortu zuten ekainak lehenean. Jeneral goierritarraren haserrea izugarria izan zen eta erasoa egin zuen batailoiaren hamarretik bana fusilatzea agindu zuen.
José VALLEJO. Zumalakarregi aginduak ematen. Iturria.
Biharamunean karlisten oldar berriaren buru zen ofizialak fusilatzeko zeuden soldaduen barkamena eskatu zion Zumalakarregiri, hauek erasoaren buruan jartzearen truke eta jeneralak onartu zuen. Bitartean, Espartero jenerala buru zuen liberal taldea Ordizia babestera Bergaratik zetorrela jakin zuten karlistek eta hauei aurre egitera Eraso jenerala bidali zuen Zumalakarregik. Deskargako gudua gertatu zen ekainak 2ko gauean. Liberalen erabateko porrota. Espartero Bergarara erretiratu zen eta handik berriz Bilbora.
José VALLEJO. Zumalakarregi karlisten erasoa zuzentzen. Iturria.
Ordiziako liberalek laguntzarik jasoko ez zutela jakin zutenean errendizioa hitzartu zuten eta 1835.eko ekainak 3an karlistak hiribilduaz jabetu ziren. Ostean Jauregi Artzaiaren liberalak Tolosa utzi eta Donostian babestu ziren, Gipuzkoa ia osoa karlisten menpe utziz.
Antonio Zavalak jasotako bertsoen artean, liberal batek honela jaso zuen gertakizuna:
Ezin oroi ninteke
iñoiz Billafrankaz
negarrik egin gabe
an gertatu zanaz:
aste bat eta erdiz,
egunaz eta gabaz,
arras urratu zuten
bala eta bonbaz.
Ango goarnizioa,
odoltsu, biziro,
defenditu izan zan
fiel ta finkiro;
kapitulatu zuan
ekusi ezkero
etzala sokorrurik
iñondik espero.