Ombuaren itzala.

2021/04/15
Datorren ostegunean, apirilak 22, Zumalakarregi Museoan “Ombuaren itzala” proiektuaren aurkezpena egingo dugu, arratsaldeko 18:30tan.

Pedro Mari Otaño bertsolariaren bizitza eta lanak kontatuko dituen filma egitea du helburu ekimen honek. Patxi Bisquert aktorea buru duen Eguzki Art Zinemaren proiektuak auzolana du burutzeko bidea, alegia, aurrera ateratzeko guztion laguntza beharrezkoa du eta Zumalakarregi Museoa helburu hau lortzeko ahaleginetan jartzen da.

Pedro Mari Otaño

V. IRAOLA. "Pedro M. Otaño". El Thun Thun aldizkaria. Donostia, 1894.

Izan ere Pedro Mari Otañoren figura ezaguna zaigu gurean, besteak beste, Jose Antonio Apaolaza Aizpiolea bertso paper bilduman aurkitzen dugu alboan datorren alea.

Otañoren Bertso Berriac

Esan beharrik ez dago bertso paperaren erabileraren eredu ederra duguna. Patrikan eramateko hainbestetan tolestu izanak haustea dakarkio bertso paper ahulari eta jabearen maitasunak hariz jostera eraman du. Ez da harritzekoa dokumentu hauek gehienetan galtzea, baina Ormaiztegiko Garmendia familiak ongi gordeta zuen ale hau eta beste hainbatekin utzi dizkigu gure bilduma osatzeko. Otañoren bertsoak izan zuten estimua adierazten digu zalantzarik gabe.

Otañoren figurak gurean garrantzitsuak diren bi gai nagusi uztartzen ditu, XIX. mendeko euskal emigrazioa eta bertsoen bitartez garaiko euskalzaletasuna.

Patxi Bisquert bera izango dugu proiektua aurkezten. Zatozte “Ombuaren itzala” proiektuaren berri jasotzera.

Ama euskerak hau esan zidan
jarririk begi alaiak.
Horregatikan nakar honera
berari lagundu nahiak.
Gutxi nezake, oso txikiak
dira nik dauzkadan gaiak,
bainan pozkiroz egingo ditut
gauak, egun, aste, jaiak;
leku pixka bat Euskal Herrian
eskatzeizuet anaiak.