Museoen Nazioarteko Eguna 2020
Ikusten duzuen kanpainako “necessaire” hau Tomas Zumalakarregirena izan zen. Osatzen duen piezetako bat zilarrezko basoa da. Litekeena da ormaiztegiarrari izugarri gustatzen zitzaion txokolatea hartzeko erabilia izatea.
Tomas Zumalakarregiren kanpainako nezeserra.
XIX. mendean txokolatea edanez hartzea oso zabaldua zegoen gure artean. Aurreko mendean Caracaseko Konpainiak, Gipuzkoa Europako kakao merkataritzaren gailurrean jarri zuen. Zumalakarregiren garaiko bidaiariek euskaldunek egunean bitan hartzen zutela diote txokolate katilukada, goizean eta arratsaldean.
Bere inguruan urte betez ibili zen Charles Frederick Henningsen boluntario britainiarrak dio Zumalakarregi zaurituak Begoñatik Durangora zihoanean, bi aldiz hartu zuela txokolatea “Besterik ez dut hartzerik izango” esan omen zuen eta medikuek hala baieztatu zuten.
Pernan Goñi ilustratzaile eta museoaren lagunak proiektu honetarako moldatutako irudia.
Zumalakarregi Museoak ere badu txokolatearekin bere harremana. Duela 28 urteko Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko Jose Mari Gorrotxategi izan genuen lagun, gugana gerturatzen zirenei XIX. mendean egiten zen modura prestatutako txokolatea eskaintzeko. Iaz joan zitzaigun Jose Mari eta bihoa hemendik gure eskerrik beroena Tolosako Konfiteria Museoaren arimari.
Jose Mari Gorrotxategi Ormaiztegin 1992.ean txokolatea egiten.
Gaurkoan bere seme Rafa Gorrotxategi dugu gure artean, XIX. mendean txokolatea nola egiten zuten adierazteko. Bere aholkuak jarraituz txokolate bero bat prestatzera animatzen zaituztegu. Gorrotxategiren produktu sorta baten zozketan sartuko zarete zuen esperientzia sare sozialen bidez helerazten badiguzue. Txokolatearen inguruko informazio gehiago Rafan eskutik.
Eider Arruti, museoko hezkuntza eta komunikazio arduraduna, eta Rafa Gorrotxategi, Tolosako konfiteroa.
Tolosak ere tradizio luzea du txokolategintzan. Alexander Dumas idazle ospetsuak, Montpensierreko dukea bere lagunaren ezkontzarako bidean, Tolosan egin zuen geldialdi baten kontakizuna egiten digu. Bertan "likido lodi eta belzkara baten bost kikara eskaini zizkioten, Tesaliako sorgin batek prestatutako edabea bailitzan". Txokolatea bikaina omen zen. Errepikatu nahi izan zuen baina ez zuen lortu.
Tolosa, Dumasek txokolatea hartu zuen garaian. Irudiaren iturria.
Garaiko argitalpena den "El cocinero instruido" lanean hau aurkitzen dugu:
“Osasuntsuek olgetarako hartzen dute txokolatea, gaixoek elikatzeko; auziak irabazten dituzten abokatuarentzat, ezkontzera doan dontzeilarentzat, erditu berriarentzat, haurraren maixuarentzat, eskolako zuzendariarentzat,opari preziatua. Fakultaterik gabeko alargun lotsatiaren laguntzarako ere balio du, baliabiderik gabeko mojarentzat, zein benefizentzia etxeetan dagoen gaixoarentzat ere.”
Zumalakarregik berak, gerrako ankerkeria arintzera etorri zen Lord Eliot enbaxadore britainiarrari opari egiteko, txokolatea hartzera gonbidatu zuen. Etsaiak fusilatu beharrean preso hartzen hasiko zirela bermatzen zuen hitzarmena sinatu ondoren, Iratxeko monastegian txokolate bat hartzera eraman zuen. “Bertako mojak oso politak dira eta sekulako txokolatea egiten dute” esan omen zuen Tomasek.
Lord Eliot enbaxadore britainiarra.
Gurwood koronelak, Lord Elioten idazkariak, baieztatzen du gertakizuna. Apirilak 25ean dio, hitzarmena sinatu ondoren:
“Hamarretan, txokolatearen ostean, Mendazara abiatu ginen Zumalakarregi, Iturralde, Carlos O’Donell eta Estatu Nagusi osoa. (…) Ondoren Iratxeko komentura jo genuen -mojak- txokolatea eta gozoak".
Gurera itzuliz, orain zuen txanda da!
Rafa Gorrotxategik proposatutako errezeta jarraituz, edota zuen errezeta gustokoena erakutsiz, sare sozialetan argazki zein bideo bat publikatzera animatzen zaituztegu.
Zozketan parte hartzeko baldintzak:
- Atera argazki bat edo graba ezazue errezetaren prozesua
- Banatu Twitter, Facebook edo Instagram bidez
- Ipini #DastatuMuseoa hashtag-a
- Izendatu Museoa: @Zumalakarregi
Parte hartzaile guztien artean Rafan Gorrotxategiren produktu sorta bat zozketatuko dugu. Zozketa maiatzaren 31ean itxiko da. Dastatu Museoa!